Zamudion Kultura Bere Bidean jaialdia

Data

24.10.19 - 24.10.19

Lekua

Bizkaia - Zamudio

Francis Diez, Doctor Deseo taldeko abeslaria.
Francis Diez, Doctor Deseo taldeko abeslaria. (DOCTOR DESEO)

Zamudioko Lagatzu euskara elkarteak 25 urte bete berri ditu, eta hori ospatzeko Kultura Bere Bidean izenpean musika jaialdi berezia antolatu du urriaren 19 arratserako. Euskal Herriko abeslari ezagun piloa entzuteko aukera izango da emanaldi errepikaezinean, eta kantuz gozatuko dute urteurren borobila. Sarrerak Zamudioko liburu-dendan, Foteri tabernan (Larrabetzu), Txorierriko Baserri Antzokian eta Hiru tabernan (Derio) eskura daitezke 18 euroen truke. Era berean on line ere erosi daitezke Zamudioko Udalaren atari digitalean. Emanaldia 20.00etan hasiko da herriko Kiroldegian.

25 urte kantuz

25 urte ez dira egunero betetzen, eta Zamudioko Lagatzu euskara elkarteak handira egin du ordagoa, egun euskal musika eszenako izen esanguratsuak batuz emanaldi koloretsuan. Bertako musikari seikote batek gidatuko du saioa, eta ahotsa jartzen makina euskal abeslari ariko dira bi ordu inguru iraungo duen musika festan. Emanaldian parte hartuko dutenen zerrenda erakargarria da oso, eta bide horretan Iñigo Etxezarreta (ETS), Francis Diez (Doctor Deseo), Iñaki Ortiz de Villalba (Modus Operandi eta Betagarri), Asier Gozategi eta Iñigo Goikoetxea (Gozategi), Gorka Sarriegi eta Urbil Artola (Sorotan Bele), Roberto Moso (Zarama), Amaia Oreja, Kris Solano eta Maixa Lizarribar (Amak), Eneritz Gorritxategi eta Edurtzeta Ania (Haize Arrosa), Juantxu Urkiaga (Jokaldi), Eider Saez eta Mikel Markez igoko dira agertoki gainera. Gainera, Etxahun Lekue bertsolaria eta Kukai dantza-konpainiak hartuko dute parte ere.   

Kokapena

Kiroldegia
Kiroldegia
Zamudio. Bizkaia

Loturak