Zuzeneko musikak etenik ez Bilboko Konpartsen gunean

Data

24.08.17 - 24.08.24

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Dupla taldeak Kaskagorrin eskainiko du zuzenekoa.
Dupla taldeak Kaskagorrin eskainiko du zuzenekoa. (BIDEAN)

Urtero legez egitarau ederra prestatu dute Bilboko Konpartsek Aste Nagusirako. Dozenaka ekitaldi eta ekimenen artean, zuzeneko musikak bere tokia izango du, gauero eskaintza anitza eta koloretsuaz festa-gunea dantzan jarriz. Arriaga atzealdeko Kaskagorrin hasi eta Udaletxe aurreko Txomin Barullo bitartean zuzeneko musika nagusi izango da gauero hogeita zazpi  konpartsen agertoki ezberdinetan. Guztira, 200 zuzeneko ikusteko aukera izango da, dantza eta algara nagusi izango den gaualdi beroetan.

Azken urteetan egin bezala, Algara konpartsak zuzeneko eskaintza ederra prestatu du gauero. Igandetik ostegunera gozatu ahalko da zuzeneko musikaz, eta euskaraz abesturiko taldeak izango dira protagonistak konpartsa euskaltzalean. XSakara eta Hofe x 4:40 zabalduko dute zuzeneko menua igande gauean, gurean tokia egiten ari diren bi proposamen ausart. Izan ere, aurten apustu berezia egin dute Algara konpartsako kideek proposamen gazteen alde, eta bide horretan Nize, Etxekalte, Zetkin, Txopet, Itzek edo Eire bezalakoak ariko dira oholtza gainean. Era berean, betiko lez, talde beteranoak entzuteko aukera izango da, dagoeneko ohikoa den Akatz taldearen ska reggae beroa, Afrikaren doinu funkeroak, Leihotikan nafarren punk rock eta hardcore melodikoa, eta Ama Say taldearen distortsio eta erritmo eroekin dantzatu ahalko den. Egitaraua borobiltzeko disko jartzaileen saioak izango dira, non ENDJ, Jonkass, edo Elepunto ariko dira musika jartzen goizaldera bitartean.

Sona handiko taldeak

Arriaga antzokiaren atzealdean kokatzen da Kaskagorri konpartsa, eta zinez ezaguna da bere dorreta handia. Aurtengoan ere Asterix gitarra eskuan ikusiko dugu gaualdi beroetan, eta egitarau indartsua prestatu dute konpartsa-kideek. Abuztuaren 20 gauean Bizkaiko Gazte Eguna antolatu du bertan Ernai erakundeak, eta Arene 6 eta Ganibet taldeak borobilduko dute gazte bazkariarekin hasiko den egitarau errebeldea. Bestetik, gaur eguneko punta-puntako taldeak pasako dira dorre azpiko agertokitik, eta Bulego, Mirua, Dupla edo Toc ariko dira zuzenean. Kontzertuekin batera, disko jartzaileak, eta nola ez, azken egunean Berpiztu taldearekin erromeria.

Kranba! txosnan ere zuzeneko musikari garrantzi handia eman diote. Okupazioaren aldeko konpartsa-kideek zarata maite dute nagusiki, baino inoiz baino anitzagoa dator aurtengo proposamena. Emanaldi batzuk eguerdian egingo dituzte, eta bide horretan eguzkipean ariko dira Old Time Spooks, edo Danele Sarriugartek eta Miren Narbaizak taularatzen duten Poperra, Afterra, Utopia ikuskizuna. Bestetik, gaueko emanaldietan musika aniztasuna nagusi izango da aipatu bezala, eta Mice taldearen rock gordinetik, Nakar taldearen post punk elektronikora, Chulera, Joder! taldearen erritmo frenetikoetara edota Mi Buenaventura talderen cunbia berezira.

Gaztetasuna eta esperientzia

Txori Barrote, Eguzkizaleak eta Hau Pittu Hau! konpartsek osatzen dute Euskalgunea, eta hiru konpartsek partekatzen dute agertokia. Igande gauean Zibilito Records eta La Furia ariko dira gaztetasuna eta esperientzia batuz errima eta erritmoz beteriko gauean. Astelehenean, berriz, talde bakarrak hartuko du agertokia, Lide Hernando musikariak gidatzen duen Bele egitasmoaren txanda izango baita, eta asteartean herrialde katalanetatik datorren Buhos taldearen doinu mestizoekin dantzatzeko aukera izango da. Asteazkenean Garilak 26 taldearen erromeria, eta ostegun gauean dj festa Elepunto eta Dj Gorriontxu eta Laztana disko jartzaileen eskutik.

Azken urteetan sortu den gune berri bat da Teilape, eta aterki horren azpian Txomin Barullo eta Hordago Abante konpartsa beteranoek hartu dute babes. Udaletxetik gertu kokatzen da gunea, eta bertan izango da zer ikusi eta zer entzun. Hemen ere, askotariko doinuekin gozatzeko aukera izango da, eta azken garaian zer esan handia ematen ari den Kalipotxo taldearekin batera, Hertzainak taldearen bertsioak egiten dituen Txalainak taldearen doinu akustikoak, Ezezez taldearen rock eroa, Old Berri band taldearen bertsio askeak, edota Beranduegi taldearen erromeriaz gozatu ahalko da beste emanaldi batzuen artean.

Bizkaiko taldeak nagusi

Altxaporrue eta Txinbotarrak konpartsek osatzen dute Kulturgunea, txosnaguneko beste gune klasiko bat. Egitarau ederra prestatu dute bertan, eta Amooma, Zoroen Kluba, Kinkila, Ithaka edo Andoni Oilokiegi ariko dira zuzenean. Emanaldi bat aipatzekotan, abuztuaren 20an ospatuko den Zaunka, Steady Rockets, The Cherry Boppers Meet Patricia Reckless nabarmendu daiteke. 19.30etan hasiko da musika festa Zaunka taldearen rumba jolasti eta kantu akustikoekin, eta 21.00etatik aurrera igoko da intentsitatea funk, blue, ska eta reggae giro beroak nagusituz agertoki gainean. Kulturgnuean ere, nola ez, disko jartzaileek izango dute tartea, non jamaikar giroko musika, DJ Desi eta Presi edo Dj Bull ariko diren musika jartzen.

Aixebarri konpartsak, berriz, Rally 48 rap taldea, Alarma Morea, Burutik, eta tributu gauak proposatzen ditu, eta horien artean AC/DC, Judas Priest edo Sorotan Bele taldearen bertsioak Sentinels, Thunderstruck eta  Benetan Zoro taldeen eskutik. Rally 48 taldeak Askapeñako eszenatokian ariko da ere,  kasu honetan Mutiko eta Malakiasekin konpartituz gaua abuztuaren 23an. Agertoki horretan ere, Karam eta Bris, Nikotina eta Raimundo el Canastero, eta Afinkao taldeek joko dute. Aste Nagusiko azken egunean, azkenik, ohiturari jarraituz, Rojo Cancionero ariko da kantu borrokalariekin Marijaiari su eman baino lehen.

Askapeñatik gertu dago Pa...Ya konpartsaren Txosna. Arriaga atzealdean musika eskaintza handia izango da, eta bi hitzordu nagusi prestatu dituzte bertan. Egurra eta Kitto taldearen kantuak modu elektronikoan entzungo dira After Egurra ta Kitto egitasmoaren eskutik, eta Maloa Brothers talde berriak lehen kantuak defendatuko ditu zuzenean.

Gainera, aipaturiko agertoki guztietaz gain, Kaialde, Zaratas, Tintigorri, Triangune, Uribarri, Pinpilipauxa edota Piztiak konpartsetan ere gozatu ahalko da  disko jartzaileez eta zuzeneko musikaz.

Txosnagunetik kanpo musika eskaintza

Bilboko Kafe Antzokiak ere egitarau propioa prestatu du Aste Nagusirako. Udako lozorrotik esnatu eta lau kontzertu iragarri ditu jai egunetarako.  Lehen larunbaterako Angelus Apatrida taldearen emanaldia iragarri dute, metal doinuetan datorren hitzordua oldarkorra. 22an Airu eta Silkat ariko dira, 23an Grande Amore, Pinpilinpussies eta Otoi, eta azkenik, 24 gauean, Axolotes Mexicanos eta Los Chivatos taldeak. Irailean itzuliko da Kafe Antzokia ohikoa duen egitarau oparoaz.

Aste Nagusiko beste musika gune garrantzitsu bat Bilborock aretoa izango da. 17 arratsean hasi eta 24ra bitartean egunero ospatuko dira zuzenekoak arratsaldeko 20.00etatik aurrera, Bilbao Metal Pop-Rock erakustaldiaren 37. edizioaren barnean. Bizkaiko 18 talde ariko dira zuzenean, arrats gauero bi musika proposamen taularatuz, eta bidea egiten ari diren bertako taldeei agertokia emanez.

Punkrock eta erritmo bizien  zaleek, berriz, ongi dakite Bilboko itsas museoaren ondoan kokatua dagoen Nave 9 aretoan ere zuzenekoak prestatu dituztela. Ohikoan arratsaldeko 18.00etan hasiko dira zuzenekoak,  igandetan ezik, eguerdian izango baitira hitzorduak. Gitarrak bero eta garagardoak hotz, Nave 9an aretotik Commando 9mm, Kinki Boys, Las Furias, Nevadah, Porco Bravo, Streetwise, Zero, edo Txarly Usher y los Ejenplares bezalako taldeak pasako dira. Luxu bat!

Hau guztia eta askoz gehiago Bilboko Aste Nagusiak iraungo duen zortzi gauetan.

Kokapena

Bilboko konpartsak
Arriaga atzekaldea eta Arenala
Bilbo. Bizkaia

Loturak