Aitziber Pz. Karkamo
Aitziber Pz. Karkamo

Hildakoen urtea

Balantzeak eta aurrera begirako promesak egiteko egunak dira. Hedabideek ere joandako urtearen birpasoa egin ohi dute, titular izandako albisteak edo historiara pasako diren pertsonaiak bilduz. Nik Nora Cortiñasen heriotzarekin gogoratu nahiko nuke, maiatzeko plazako amen ikurra. Erreferentea giza eskubideen defentsan, maiatzean utzi gintuen bere semearen berri izan gabe, eta ziur aski mundu okerragoa utziko zigula jakinda, bere herriari so eginez gero.

Argentina, Latinoamerikako herrialderik europarrena izateaz harro sentitu dena, bere aurpegirik krudelena erakusten ari da, konparazioari inoiz baino zentzurik handiena ematen. Europako herrialdeak, oro har, itsasorako irteera dutenak eta horietako baten kide garen komunitateak ere, giza eskubideen politika hiltzailea egiten ari gara. Eta ez da harritzekoa mugei buruzko zaintza eta erabakiak Israel bezalako herrialde genozida baten esku utzi dugunon aldetik.

Gurean, Palestinako genozidioaren aurka ozen mintzatzen ez diren berauek dira argindar enpresei zergak kentzea defendatzen dutenak; bitartean Gazan, hipotermiak jota hil den bost urteko haurra besarkatzen duen ama bat negar batean dagoelarik.

Eta horrela igaro dugu urtea, historiarako itsasoan eta lur zabalean milaka hildako utzi dituen Europaren oinordeko  gisa.

Bilatu