Ostegun iluntzean, Gordoniz inguruan dagoen Baserri tabernatik kanporatuak izan ziren Patricia Salvador eta bere neskalaguna. Ostirala goizean ezagutu zen gertaera, jazotakoa azaldu eta gertakariaren aurrean, «tristura eta haserrea» agertu baitzuen Salvadorrek berak, Facebooken duen kontuan.
«Egungo jendartean nire aukera sexualaren aurkako diskriminazioa gainditua zegoela uste nuen», dio bere salaketa iruzkinean. «Agertutako maitasun keinuengatik» kanporatzeko erabakia establezimenduan ez zegoen nagusiarena izan zela azaltzen du Salvadorrek iruzkinean: «Pintxo batzuk eskatzear ginela, jatetxeko langileak nagusiaren dei bat jaso eta berak agindu zion gu kanporatzea».
Salvadorren salaketa bolo bolo ibili da sare sozialetan; izan ere, hiru egunetan ia 24.000 aldiz izan da partekatua. Iruzkin gehienek gainera, «eraso homofobotzat» jo dute gertatutakoa.
Salaketak, baina, mundu birtuala gainditu eta Baserri jatetxearen aurrealderaino iritsi zen larunbatean, herri-muxukada deitu baitzuten atarian.
Bikoteak besarkada batzuk eman zituela dioen arren, tabernako jabeak euren jarrera «desegokia» izan zela iritzita defendatzen du kanporatzeko erabakia. Harreman homosexualekin arazorik ez duela dio jabeak eta hori erakusteko, larunbatean herri muxukadarekin bat egitea erabaki zuen. Hala, protestako kideak iritsi aitzin, homosexualitatearekin lotzen diren koloreekin bihotz bat margotu, eta, «maitasunak askea izan behar duela» zioten kartelekin txukundu zuen taberna. Era berean, protestak irauten zuen bitartean muxu ematen zuten bikoteak pote batera gonbidatuak zeuden.
Elkarrizketak ere eman ditu Baserri tabernako jabeak. Tartean, Iker Udaondok egindako eta ´Estoybailando´ atari digitalean zintzilikatutako hau.