Kaskagorri. 500 urte igaro dira Gaztelako Erreinuak Nafarroako Erresuma zaharra inbaditu zuenetik. 500 urte igaro dira gure itsasoa odolez zikintzen, gure mendiak zementu bilakatzen, gure hizkuntza isilarazten, gure ohiturak zigortzen, gure ikurrak debekatzen, gure lurraldea zatitzen, euskal herritarroi sufrimendua eragiten hasi zirenetik.
Baina bost mende luze hauetan ez dugu inoiz etsi, gure herriaren askapenerako borrokak ez du etenik izan eta ez du izango.
Bilboko gazteok ere gure herria askatzeko bidean gaude, bide honetan hainbat oztopo aurkitzen baditugu ere. Azkunum eta bere munitropak, jauntxo dirudunen interesak babestu nahiean, Bilboko kaleetatik kolorea, musika, bizitasuna, kultura, maitasuna, askatasuna… ezabatu nahi dituzte.
Gainera, urte guzti hauetan Gaztelako jauntxo basatiek ez diote gure lurretan muturra sartzeari utzi eta hainbat eta hainbat euskal herritar gure lurretatik urrun bahituta dituzte.
Duela 500 urte Gaztelak Nafar Erreinua isilarazi eta gure lurrak menperatu nahi izan zituen moduan, Azkunumek bilboko gazteak isilarazi eta gure espazioak inbaditu nahi ditu. Azken bi urte hauetan, Kaskagorri desagerrarazi nahi izan du bere burugogortasun eta inposaketaz txosna jartzea debekatuz. Baina ez du lortu gure ahotsa isilaraztea eta gogo biziz alaitu eta bete ditugu Bilboko kaleak.
Gaztetxeen aurkako erasoak ere Azkunumen politika zikinaren beste adibide garbi bat dira. Gazteok sortutako espazio askeak, ametsez hornituak eta ilusioz eta borrokaz eraikiak, azken urteotan desalojo basati eta zentzugabeak pairatu behar izan ditugu, bortzaz.
Baina Bilboko gazteok oso argi dugu zer eta nola nahi dugun; erresistentziatik garaipenera igarotzeko borrokatuko gara eta 2012ko Aste Nagusi honetan inoiz baino indartsuago gatoz euren gazteluak gaztetxe bilakatzera, gure espazioak berreskuratzera, kaleak askatzera, gure ametsak egi bihurtzera.
500 arrazoi baino gehiago ditugu matxinadarako! Bilboko gazteok Bilbo eta Euskal Herria askatzera goaz! Erresistentziatik garaipenera goaz!
Bilbo koloretsu, euskaldun eta aske baten alde borrokan izan ziren, garen eta izango diren gazte gaizto guztien omenez, osasuna, maitasuna ta askatasuna!