Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Geruzak

Maite dut Kazimir Malevitxen “Zalditeria gorriaren karga” margolana. Daukan sinbolismoagatik, baina, batez ere, ageri dituen lur azpiko geruzengatik. Horrelakoa baita bizitza, azal metatuen osotasun bat. Ari naizela, entzun dut oso gomendagarria den Universitat de Barcelonak ekoitzitako “Llengües a tocar” podcastean Maria Bardagí hizkuntzalaria indonesierari buruz. Argigarria zait nola indonesiarrek, Herbehereetatik independentzia lortu zutenean, nederlandera jatorri zuten hitzak ezabatu zituzten hiztegitik, baina ez Portugalgo, lehen potentzia kolonialeko, jatorridunak. Geruzak, kolonialak kasu honetan, baita hor ere.

Hizkuntzei lotuta, ohartu naiz Google Translatek Krimeako tatarera sartu duela aukeren artean. Krimeako tatariarrak jatorrizko herria dira, Inperio Otomandarren satelite izan ziren luzaroan, eta egun egoera kaskarrean daude. Stalinek herri osoa deportatu zuen 1944an, Uzbekistanera batez ere, eta haien hizkuntza eta izatea debekatu zizkien. Ukrainako legeek itzulera eskubidea aitortuta, gaur egun hirien aldirietan edo landa eremuetan bizi dira, prekarioki, are gehiago Errusiak Krimea anexionatu zuenetik. Transmisioa hautsi da eta, erakundeen babesik gabe, atzeraka ari da. Egin kontu, mende betean tatariarrek haien hizkuntza alfabeto arabiar, latindar, ziriliko, latindar eta orain berriz ere zirilikoan baliatu behar izan dute hurrenez hurren. Horrela ezin da ezelako tradizio linguistikorik sortu.
 
Ez naiz fio Alphabeten, Googlen jabearen, asmoez. Haien blogean diotenez Translaten mila hizkuntza jarri nahi dute. Hizkuntzen ekologian sinesten du Trumpen esanetara Mexikoko Golkoari izena horren bizkor aldatu dion edota Calendarren Black History Month ezabatu duen enpresak? Elizek ere hala egiten zuten Bibliarekin, sinestunak irabazteko itzuli. Ona da hori? Txarra? Baditut zalantza izpiak, ez pentsa.

Hizkuntza askorentzat hil ala bizikoa da jauzi teknologikoa. Tristea dena da hori enpresa pribatuen esku egotea. Nazio Batuen Erakundea, hor zaude? Ona litzake munduaren geruza altruista sendotzea.

Bilatu