Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

«Citrus paradisi»

Kimioterapiaren trantzea pasatu berri duen lagun batek esan dit prozesuan zehar debekatu dioten jaki bakarra arabisagarra −citrus paradisi− izan dela. Kontakizunari gehitu dio Takashi Nagalen, Hiroshimako bonbardaketatik onik atera zen mediku japoniar baten, aipua: «Bizirik nago −uste dut− gotorleku baten gerizpean, arabisagar bat zuritzen ari naizelarik. Gaur oraindik bizirik nago eta uste dut bizitzaren bilbea ederra dela».

Bizitzaren bilbea irutea moiren zeregina zela uste zuten antzinako greziarrek, eta, urtea amaitzen ari delarik, patuaren hariak ispilu aurrean paratzen dizkigute eguberrietako ospakizunek. Kontzertu, bazkari, lagunarteko hitzordu, kabalkadak... egun seinalatuak dira. Etxea gozo zaionarentzat Baionako Cazenave txokolategiko hurra kreman atzamarra sartzea bezalakoa da. Etxea, edo bizitzen ari den unea, zama zaionarentzat, infernua.

Bai, ametitzen dut, nik ere abestu dut inoiz Soziedad Alkoholikaren “Feliz falsedad” eta desiratu herrialde arabiar batean amaitzea abendua. Baina, zahartzen ari naizelarik, uste dut kontsumokeriaren garaipena dela gutako asko Kanariar Uharteetara joatea eguberriak ospatzera, eta amatxik jartzen zuen jaiotza baino barregarriagoa Black Friday-a. Marguerite Yourcenarrek Zizeron eta Marco Aurelio artean marraztu zuen jainkorik gabeko aro horren kopia merkea ez ote den gurea.

Bukatzeko, gogoan dut nola duela hamarkada pare bat Arrasateko hainbat gazte Palestinan egon ziren. Handik bueltan, Arrasateko kristauek Garibaiko lorategian paratu zuten jaiotza tuneatu zuten txarrantxa eta checkpointak ezarrita. Sumindu ziren ordea perfomancearekin jaiotzazaleak, eta gazteek zera erantzun zieten: Betleemdik gatoz eta hura guk hemen irudikatu dugun modukoa da.

Palestinaz oroitzeko egun bikaina da gaurkoa. Eta aipatzeko Israel dela munduko 10. arabisagar ekoizle handiena. Eta egunotako horrenbeste erosketa artean barra kodeari begira aritzea ere badagokigu, nahiz eta dendak jendez lepo egon. Besteak beste arabisagarrek bizitzari lotuta jarrai dezaten.

Bilatu