42 euroko isuna bizikleta donostiako kontxako barandilan lotzeagatik. Isun hori jarri berri diote, egiten duen berotzarrari aurre egiteko, bainu bat hartzen ari zen bizilagunari. Uretatik atera zenean, udaletxeko bi langile zituen zain, esan zioten garabia deitua zutela bizikleta bertatik kentzeko eta gainera 42 euroko isuna zuela, eta garaiz ordaintzen ez bazuen, 90 eurokoa izango zela zigorra. Hori da, auto bati zamaketa gune batean aparkatzeagatik jartzen zaion isuna!
Donostiako mugikortasun zinegotzi Pilar Aranak , dela bi egun egin zuen agerraldian jakinarazi du udaletxeak helburu argia duela: "trasteleku" bihurtu diren hiri altzariak desagertaraztea, Aranaren arabera, Donostian, arbolak erabiltzen dira bizikletak lotzeko, eta bizikleta horiek abandonaturik daude.
Paseo bat ematerakoan, eta arboletan zein faboretan erreparatzen baduzu, segituan nabaritzen da zein bizikleta dagoen abandonatuta eta zein ez: errubera bat falta badu, erdoilak janda badago...egia da bizikleta horiek, egunero erabiltzen diren horiei lekua kentzen dietela.Eta bai, ados, zerbait egin behar dela bizileta horiekin, oharra utzi eta denborara erretiratu, adibidez.
Baina bizikleta abandonatu eta ez abandonatu baten artean aldea handia da, begibistakoa, eta Kontxan lotutako bizikleta horrek ez zuen abandonatu itsurarik, behintzat. Bestela, isunik ez zioten jarriko, nork ordainduko luke isun hori?
Pasa den maiatza hondarrean Donostiako udaletxeak BiciBizi jaialdia antolatu zuen: Bizikleta vintageak, bizikleta bereziak, tailerrak, pedalei eman aldaketa klimatikoaren kontra....baina noraino pedalei eman, gero bizikleta uzteko lekurik ez badago? 42 euroko isuna baduzu esperuan.
Beldur naiz ez ote zuen bizikleta horrek turisten argazkian traba eginen eta Donostiako marko inkonparablea izorratzen.