Indarkeria matxistaren kontrako eguna da laster, irratirako erreportai bat egin dut eta 5 neska elkarrizketatu. Besteak beste, galdetu diet ea noizbait izan edo sentitu diren erasotuak. Denek erantzun dute baietz, eta adibide ugari jarri dituzte. Nik ere diot baietz.
Eta sentitu dut hau idazteko gogoa biolentzia matxistaz hitz egiterakoan jendeak ez dezan pentsa biolentzia matxista dela bortz matxirulok emakume bat bortxatzea edo emaztea ostikoka hiltzea. Hori da muturra, baina biolentzia matxistaren haria luzea da. Hemen niri gertatutako batzuk, eta nabarmendu nahiko nuke: batzuk dira eta soilik konponente sexuala dutenak aipatuko ditut.
1. Leioan ikasten nuelarik Lesakara bueltatzeko Termibus inguruko zerbrabide batean, bi makulu zituen gizon batekin gurutzatu nintzen. Makuluak zituenez utzi nion pasatzen. Ohartu baino lehen, bere eskua nire aluan zuen. Eskuaren jabea nor zen jakiteko buruarekin egin nuen atzera ibilbidea: eskumuturra besoa, artilezko jertse bat eta, pixkat gorago, makuludun gizonaren aurpegia. Bultza egin nion gibelera eta lurrera erori zen, oihu ere egin nion, baino ez naiz gogoratzen zer. Negarrez deitu nuen ama, eta harek lasaitzeko, eta ea zer erran esan nion gizonari, eta ixilik behintzat geratu ez nitzela kontatzerakoan "ongi Maite, ongi" berak erantzun.
2. Institutuan ginela Doneztebera joaten ginen larunbatetan, Bordatxora. Han taberna batean mutiko batek kamisetako eskotetik tira egin eta burua gerturatu zuen nire titiak ikusteko. Ez nuen ezer egin.
3. Hondarribiko festetan, lagun batzuekin ibili ginen "el martillo" izena duen barraka horretan. Atzeko mutilak behintzat hirutan ukitu zizkidan titiak. Hirugarrenean oihu egin nion eta zertan zebilen galdezka, gelditzeko, joder! Nire lagunek defenditu ninduten. Jeisterakoan ere jarraitu zuen eztabaidak, eta hark ezetz, eta nik baietz. Hura joan zenean lagunek galdetu zidaten ziur ote nintzen erraten nuenaz.
4. Ez dakit zenbat urte nituen. Lesakatik Iruñera autobusean nindoan, negua zen eta nahiz eta gaua ez izan ilunduta zegoen eguna. Nire ondoan gizon bat eserita, eta Belateko tuneletako bat aprobetxatu zuen bere eskua nire izterrean jartzeko. Ez nion ezer erran. Espetu nituen minutu batzuk eta aulkiz aldatu nintzen, txoferretik gertu.
5. Lesakako Bittiriko bestak ziren. Soilik mutil batekin muxukatua nintzen garaian eta hori zen nire bigarren aldia. Belardi batean ginela, nire gainean etzan eta txortan ariko zen bezala hasi zen, aldakarekin bultza eta bultza. Nik gelditzeko, ez zitzaidala gustatzen, eta berak erantzun "tranquila que no te la estoy metiendo y no pasa nada" barruan ez zegoela jakingo ez banu bezala.
6. Bartzelonan bizi nintzela, lanera joateko goiz hartzen nuen metroa. Behin, Santseko estazioan, gizon bat jarri zitzadan ondoan eta solasean hasi, eta nik jarraitu. Kulkunkaka hasi zen gizona, eta gutxira ohartu nintzen masturbatzen ari zela. Nazka.
7. Bilbon, unibertsitatean lagun batengana joan nintzen afaltzera eta pelikula bat ikustera. Pelikula bukatzerakoan etxera nindoala erran nion, eta "pasa gabon" eta "milesker". Laztanzen hasi zitzaindan eta ni apuratuta, ez nekiela nola erran ezetz. (Eta irakurriko duzue hau eta batzuek errango duzue, ba ezetz erran eta punto. Ba ez da hain erreza, aizue. Horrelako egoeretan txiki tixki egiten da bat) eta bere gelako atea itxi zuen, eta berak, baietz, lasai egoteko, ez zela deus pasatzen, ongi pasako genuela. Lortu nuen etxetik ateratzea. Geroztik ez diot hitz egin. Soilik, justukoa.
8. Karta Astrala dokumentala grabatzen ari ginela Iruñeko erregistro zibilera joan ginen han datu batzuk behar genituelako bilaketa bat egiteko. Bertako arduradunak esan zidan zail zegoela, datu horiek publikoak zirelako baina sartzeko bere bulegora. Sartu nintzen eta eskutik heldu zidan hitz egiteko. Eta bukatzerakoan eman zidan besarka luze bat, eta nire bularra berearen kontra estu zuenean galdetu nion ea zergatik ematen zidan besarkada bat eta erantzun zidan "porque me caes muy bien". Bulegotik atera nintzenean, kanpoan zeuden kamera eta soinua egiten zuten lagunak. Kameralariak esan zidan kontatzeko hori kamera aurrean, eta nik baietz. Ez ditut sekula irudi horiek berriz kusi, ez eta ikusi nahi ere. Gero gogotu zitzaidan salaketa gutun bat idaztea egunkarian, eta ingurukoek esan zidaten ezetz, luzea izan zitekeen bide baten atea irekitzera nindoala, eta pentsatzeko bi aldiz. Eta nonbait, bigarrenean pentsatu nuen ezetz, ez bait nuen idatzia egin.
Behar bada, norbaitek pentsatuko du txikikeriak direla. Nik erantzugo diot ezetz. Biolentzia matxista dela. Eta ondoko emakumeari galdetzen badio, berak ere jarriko dizkiola beste 8 adibide errez asko.