Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Amaiur, oroimenetik egitasmora

Bistan da Amaiurko «gaztelu beltza» defendatu zutenak ez zirela 2022ko abertzale feminista errepublikazaleak, baina Amaiur oroitzea inperioen menpe ez bizitzeko grina aldarrikatzeko modu bat da.

Oroimenak hamaika molde har ditzake. Botere-harreman injustuak zilegitzeko erabiltzen ahal da, iragana mitifikatu eta eraldaketa oztopatzeko, orainaldiaren erronkei ihes egiteko... Baina baliatu daiteke, halaber, energia askatzaileak elikatu eta askatzeko, Zer oroitu, nola oroitu, zertarako oroitu, hor dago koxka. Ez dago aurretik ezarritako arau mugiezinik, aukera piloa baizik. Zer egiten du zure teoriak? Zer egiten du diskurtsoak? Zer egiten du zure oroimenak? Hor dago eztabaida, ene ustetan.

Amaiurkoa, Noaingoa bezala, galdutako batailak izan ziren. Noaingoa oso eraginkorra izan zen, han erabaki baitzen gerlaren norabidea, Amaiurren ez bezala. Amaiur da mendeetan iraun duen ikurra, aldiz, oroimenak emozioak mugiarazten dituelako, gertaera dokumentatuen garrantzien gainetik. Bistan da Amaiurko «gaztelu beltza» defendatu zutenak ez zirela 2022ko abertzale feminista errepublikazaleak, baina Amaiur oroitzea inperioen menpe ez bizitzeko grina aldarrikatzeko modu bat da. Inork ez du XVI. mende hasierara itzuli nahi (nik ez, bederen), eta behar dugun Euskal Errepublika ez da gizontxo ezpatadunen eskutik eraikiko, baina erresistentzia ekimen haren oroimenak aske izateko desira pizten laguntzen du.

Euskal Errepublikaren egitasmoaren indar nagusia ez datza iraganean, etorkizuna eskaintzeko gaitasunean baizik; horretan zalantzarik ez. Baina etorkizunik ez, iraganeko euskarririk gabe. Iraganeko borrokak aintzat ez hartzea, horixe bilatu dute menperatzaile guziek, katea eteteko. Egia da oroimena eremu labainkorra dela. Horregatik egitasmoarekiko loturan dago gakoa. Iragana oroitu etorkizuna eraikitzeko, horixe erronka. Eta nago milaka eta milaka lagunek horrela ulertzen dutela, zorionez. Izan ere, kasposo gehiegi ditugu lehiaren beste aldean guk ere akats bera errepikatzeko. Betiko argia, beraz, gure aurretik inperioei aurre egin eta askatasuna, era batera edo bestela, amestu duten guziendako.

Bilatu