Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Espainiar «ezkertiar» jakobinoen porrotaz

Europako hauteskundeetan, Estatu espainolari dagokionez, bazegoen guti aipatu den kontu bat, supremazismo espainolistaren formulazio sasiezkertiarren emaitzena, hots. Bi ziren espainiar egitasmo posinperialaren defentsa atzerakoi-autoritarioa ezkerraren hainbat ideia eta diskurtso historikoez lotu nahi zituztenak. Alde batetik, Frente Obrero izenekoa, obrerismo zakar batetik eskuin muturraren espazioetara hurbiltzen joan dena. Bestetik, Izquierda Española, "El Jacobino" egitasmotik sortua, UPyDn ibilitako jendeak bultzatuta. Bi zerrenda hauek emaitza patetikoak lortu dituzte, eta oso berri ona da porrot hau. Bi egitasmo ezberdin izanik ere, oinarrizko hipotesia bera dute: koherentea da ezkerraren proposamen zibilizatzailea espainiar supremazismoaz uztartzea. Hortik ondorioztatzen dute espainiar eskalako ezkerrak uko egin diola ezkerraren eginbehar historikoari, mugimendu subiranistekin elkartu delako. Izan ere, subiranistok langileria zatikatzen dugu eta, beraz, ezkerraren etsaiak gara. Agian diskurtso hau entzun edo irakurri duzue beste batzuengandik ere, aipatu bi indar hauek aspaldiko korronte batean kokatuta baitaude, batetik, eta, bestetik, gure garaiotan zabaltzen ari den olatu melankoliko atzerakoiak hamaika agerpen hartzen duelako.

Pentsa dezagun, une batez, alderdi hauek Alvisek lortu dituen bozen erdia izateak zer ekarriko zuen. Baina, kasu, emaitza kaxkar hauek ez direlako apustu horien bukaera izanen. Orainaldian eraldaketa aurreratzaileetarako hazi ezkutuak ikusteko gaitasuna landu behar dugun modu berean, taupada atzerakoiak ere antzematen saiatu beharra dugu, eta nabarmena da hor dagoela egonezin bat subiranisten kontra bideratu nahi dutena, edozein aldaketaren gakoa garelako. Eta horretan, espainiar supremazistak ez daude bakarrik. Beste batzuk ere ari dira langileriaren mitifikazio melankolikotik ezkerreko subiranismoa suntsitu nahian.

Bilatu