Alejandro Toquero Tuterako alkatea da. UPNkoa da gizona, gaurko datan bederen, baita zuzendaritzako kide ere, Ibarrolarekin nolabaiteko konponketa adostuta. Gaurko datarena aipatu dut UPNkoak zirelako azken uneraino PPra pasa ziren beste kide batzuk ere: gaur egun bidaia norabidea hori da, alderantzizkoa baino. Baina, tira, gaur egun, UPNkoa da, eta, beraz, UPNrekin lotu behar dugu alkate horrek egiten duena.
Izan ere, oso esanguratsua da Toqueroren Papa Noelekiko zaletasuna. Aurten, iazko moduan Ebron jaso beharrean, futbol-zelai batean egin dio harrera, espainiar Poliziaren helikoptero batean iritsi delarik. Irudiak, egia esan, kutre xamarrak dira: badirudi atxilotuta daramatela espainiar poliziek Papa Noel, ez dutelarik lehen planotik atera nahi, baina mezua argia da: Tuterako alkatea Papa Noelekin eta espainiar Poliziarekin.
Bitxia da, egia esan, egitasmo politikoen arteko lehiak hartzen duen forma aniztasuna. Aspaldi ari da Toquero Tutera instrumentalizatzen nolabaiteko Nafarroako birkonkistaren gotorleku gisa. Eskuin espainolistaren eskuetan dagoen alkatetza handiena delarik, Erriberako hiri nagusitik irudikatu nahi dute beren itzulera. Ikurrak garrantzitsuak dira; horregatik hauspotzen dute Papa Noel, Errege Magoen defentsa tradizionaletik haratago. Batzuetan, bataila kulturalen baldintzek ezusteko eraginkortasuna dute: urtarrilaren 6a oso berandu da oparietarako, segituan bukatzen baitira oporrak; abenduaren 24ak abantaila handiak ditu, alta, eta egun horretan dator Olentzero!
Ikurrak ikur, espainiar polizien protagonismoa ez da kasualitatea. Tuterako jaien hasieran "Que viva España" megafoniatik entzunaraztea, Iruñearen kontrako oihuez batera, eta Papa Noel eta espainiar polizien ongietorria antzezpen logika berdinaren euskarriak dira. Eskuinaren errestaurazio egitasmoaren nondik norako batzuk erakusten dizkigute jarduera hauek. Eta, bua... argi dago ate guziak itxi behar dizkiegula!