Arabako aisialdiko hezitzaile baten kaleratzeak zalaparta sortu du azken egunotan. Honen inguruan, besteak beste, Info 7 irratiko Karelean saioan solasean izan ginen Xabi Aizpurua eta biok. Honen harira, Arabako begiraleek pairatzen dituzten lan baldintza prekarioak salatzeko bideoa egin dute.
ARABAKO BEGIRALEEN OHARRA:
Gutun honen bitartez, Arabako Udalekuetan lan egiten dugun begiraleok, gure lana aurrera eramateko pairatzen dugun egoera eta lan baldintzak plazaratu nahi ditugu.
Orain arte, lan-gatazkei irtenbide bat bilatzeko dialogoan oinarritutako pausuak eman ditugu, Arabako Foru Aldundiarekin (uztailak 18 bidali genion karta bat 80 sinadurekin gure egoera azalduz) eta aurtengo Udalekuak kudeatzen dituen enpresarekin. Modu honetan Arabako Foru Aldundiaren erantzunik jaso ez izanak, bide berriak jorratzera behartu gaitu. Argi utzi nahi dugu, gure lan-egoera honek ez duela gure egunerokotasunean eraginik izan, gure eginbeharrak betetzen jarraitu izan dugu, hain zuzen ere.
Hortaz, gaur egun begiraleok jasaten dugun egoera prekarioa azaldu nahi dugu:
Lan baldintzak
Hasteko, esan behar dugu, langileen estatutuen barruan araututa dauden lan-baldintza minimoak betetzen ez direla. Hona hemen begiraleok jasan behar izaten ditugun baldintzen errealitatea:
- Kontratuak eta lan orduak: gure lanaldia, astelehenetik igandera, 40 ordukoa dela adierazten da kontratuan ,egun bakoitzeko batez bestekoa 6 ordu baino gutxiagokoa izanik. Errealitatea, aldiz, guztiz desberdina da: egunean 24 lan-ordu dira gu egoten garenak umeen beharrei erantzuten, Horretaz gain, lan-ordu estrak nahiz gaueko orduen plusak ez daude aitortuta. Guri ahoz 10, 20 ala 30 eguneko lana burutuko dugula esaten badigute ere, 10 egunetarako soilik sinatzen ditugu. Ezbeharren bat egonez gero, begiraleontzat galera handia suposa dezake guretzat: alde batetik, enpresak kontratua sinatzeari uko egitea; eta bestetik, aldez aurretik adostutako lan-egun kopurua ez betetzea edo murriztea.
- Atsedenak: aurreko puntuarekin bat eginez, atsedenak ez dira inoiz errespetatzen, ez dago arautua eta askotan egon behar dugu haurren beharrei erantzuna ematen gure ordutegiz kanpo. Ordu horiek ere ez dira aitortzen.
Medikua
Aurten medikuak Zuhatzako udalekuetan ez dauka 24 orduko zerbitzurik (beste urteetan izan duen bezala), eta horrek, begiraleon lana oztopatzen du erabat. Hona hemen aurtengo medikuen ordutegia:
Egunez, astelehenetik larunbatera (Igandeetan EZ)
- 10:00-13:45
- 15:15-19:15
Gauez: asteartetik ostiralera (Larunbat, igande eta astelehenetan EZ)
- 23:00-06:00
Irla baten barruan gaudela kontuan harturik, edozein larrialdi edo ezbeharren aurrean, aurreko urteetan bezalako kondizioak ez daudela esan dezakegu, hemen gauden guztion kalterako.
Asteburu prestaketa
Udalekuetan lan egin ahal izateko, asteburu prestaketa batera etortzea eskatzen zaigu. Prestakuntza hori egiteko ematen ditugun lan-orduak, kontratu gabe egiten dira horrek suposatzen duen guztiarekin: arriskuak (errepideak, gehienetan) eta desplazamendu gastuak, besteak beste.
Soldatak
Aurretik zehaztutako puntu guztiak, duina ez den soldata bat jasoaz betetzen ditugula azpimarratu nahiko genuke. EAEko begiraleen soldatak aztertuta, desberdintasun nabarmena ikus daiteke Araban lan egiten dugun aisialdiko hezitzaileon soldatetan.
Horretaz aparte, urte honetan soldaten jaitsiera sumatu dugu, aurten Arabako Aldundiak ez baitu gure soldata zehaztu eta bermatu aurreko urteetan bezala. Bi puntu hauek hurrengo taulan ikus dezakegun bezala:
Aurretik aipatutako guztiarekin, gure lan-baldintzen egoera aldatzeaz gain, jendarte eta estamentu guztiek gure egoeraz ohartzea eta urtero pairatzen dugun egoera bat dela jakitea aldarrikatzen dugu.
Egoera hau hainbeste urtetan luzatzea, momenturen batean gure lan egiteko moduan islatzea suposa dezake, eta hori gertatzean, begiraleok bakarrik ez dugu hura jasango, umeak ere kaltetuak bilakatuko baitira.
Guztion onuraren bila, irtenbide bat behar dugu!