Urriaren 12a egun berezia da ikasle mugimenduarentzat, eta ez bereziki ohiko jai egun bat delako. Urteak dira espainiar estatuak inposatu nahi digun Hispanitatearen egunari intsumisioa egiten diotela ikasleek eta normaltasunez ikastetxeen bizitza arrunta mantentzen saiatzen direla, gainontzeko eskola-egunetan bezala. Jai egun arrotz honi planto egin eta herri eskolak antolatu izan dira urtetik urtera Euskal Herriko ikastetxe eta auzo zein herri askotan.
Aurten ere, Ikasleok Zorrotz mugimenduak, "Euskal Herrian hezkuntza burujabea eraikitzeko eta patriarkatuari zein kapitalismoari aurre egiteko borondatea" aurkeztu du. "Euskal Herritarron beharrak asetuko dituen hezkuntza sistema propio eta burujabe baten bidean" antolatu dute ikasleek eguna eta deialdia jendarteko sektore ezberdinei zabaldu diote herri gisa "ezer ospatzeko ez dugula aldarrikatzeko eta egutegi propioa eraikitzeko".