Iker Ibarluzea
Iker Ibarluzea
Meteorologoa

Adimen artifiziala eta etorkizuna

Moda-modako gaia da adimen artifizialak (AA) daraman garabidea eta mundu-mailan hartzen ari den lekua eta sona. Eta, noski, meteorologia munduan ere hasi da pixkanaka lekua egiten. Meteorologia mailan, adimen artifiziala eguraldi iragarpenak zehazteko erabiltzen da gehienbat. Datu mordoa segundo gutxian aztertzen du, eredu meteorologiko tradizionala baina garatuago dago eta, oso garrantzitsua dena, arriskutsu izan daitezkeen fenomenoak (ekaitzak, elurteak...) azkarrago atzematen ditu.

Horrela irakurrita oso polita dirudi, ezta? Bada, nik badut kezka bat honekin guztiarekin: ez ote duen adimen artifizialak meteorologoon lekua hartuko denbora gutxi barru. Ez dut ezkorra izan nahi; hau da, gizakion esku-hartzea beharrezkoa izango da, baina irudipena dut hainbatek egiten duten lana ordezkatu dezakeela AAk.

Telebistetan, irratietan, hau da, komunikabideetan oraindik urrun ikusten dut AAk gizakiaren lekua hartzea, baina meteorologia erakundeetan iruditzen zait laster izango dela goi-maila batean.

Funtsezkoa iruditzen zait AAk ekar dezakeen onura eta horri giza esperientziak eman diezaiokeen bultzada bide beretik eta batera uztartzea, elkarlan batetik abiatuta eta denon onurarako, gizakia alde batera utzi gabe, beste askotan bezala.

Bilatu