Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Donostian ere

Berriro idatziko dut, oraindik behar beste argi geratu ez bada, Donostian ia inork ez du euskaraz hitz egiten.

Donostian, erosketak egitera atera, eta Zara Home-tik eta Casa Viva-tik pasatu ondoren (eta ez pentsa denda txinatarrak baino merkeagoak direnik…) saltoki guztietan esaldi hau erabili ohi dugu: «aizu… pertxak ba al dituzue». Harridura aurpegi pixka bat eragiten du horrek nonahi eta, berehala, ohiko: «Gaztelaniaz… mesedez?» entzun beharra dago.

Jakina, artikuluak idatzi ditut soziolinguistika aipatuz euskara Donostiatik desagertuz doala gogoratzeko. Orain ez dago inkestaz edo portzentaje gehiagoz lan egin beharrik, nahikoa baita entzumena erabiltzearekin: gogorra bezain nabarmena da ondorioa, gure hizkuntza egoera guztiz agonikoa da Gipuzkoako hiriburu kosmopolitan. Polita bada, berez, eta kosmopaletoa ere bai, baina euskalduna ez behintzat.

Benetan, asko gustatuko litzaidake honetan (ere) huts egin izana, baina, aldiz, pentsatzen hasia naiz dagoeneko beranduegi dela, eta esango nuke abiapuntu egokia izango litzatekeela auzi honi buruz (ere) egia esateko ohitura lantzea, nahiz eta mingarria izan. Hemen, eta barkatu donostiazentrismoa, ia inork ez du euskaraz hitz egiten.

«Ez, Fito, umeak orain euskaraz murgiltze metodoan ikasten dute eskola publiko eta kontzertatuan, ez izan fatalista, joño, duela egun gutxi erreportaje bat irakurri nuen Argian, eta gure Torrealdaik esaten zuen gero eta liburu gehiago erosten direla euskaraz eta konfinamenduaren ondorioz inoiz baino gehiago irakurtzen dugula!».

Ez da pentsatu ere… ez dut sinesten!

Askotan, idazle edota editore lagunekin hitz egiten dut honi buruz eta harritu egiten dira euskarazko liburu batetik bostehun ale saltzen direnean; ikusten dut umeek, gure bilobek esaterako, ez dutela apenas ikus-entzunezko edukirik euskaraz, eta, berriro diot, belarria erabiltzen dut euskaraz aditzeko zerbait eta, tamalez, ez dut sentitzen.

Itzul gaitezen Donostiara, artikuluaren abiapuntua baitzen, eta izan gaitezen ausartak esateko euskara nagusi zen lekuetan, denda txikietan, adibidez, gure hizkuntza ez dela erabiltzen orain. Beraz, hau irakurtzen duenari ardo bat ordainduko diot Donostiako dendatan esaten duenean: «aizu… pertxak ba al dituzue», ulertzen badiote.

Badakit Goierrin edo Urolan oraindik ere gogor eusten diotela gure hizkuntzari. Baina desengaina gaitezen, gure hizkuntzak kultura aldetik hiri sendoa behar du, eta merkatu eta botere-diskurtso kontsekuentea (ere) bizirauteko.

Donostiarrok, hiriburuko euskarari buruzko auzia ez da jada hemen bizitzeko edo lan egiteko gure hizkuntza beharrezkoa ote den eztabaidatzea. Aspalditik badakigu, jakin (ere), euskaraz ezer jakin gabe hemen bizi eta lan egin daitekeela. Baina oraindik euskaraz norbaiti hitz egiteak sinesgaiztasuna sortzen badu, gaizki goaz.

Berriro idatziko dut, oraindik behar beste argi geratu ez bada, Donostian ia inork ez du euskaraz hitz egiten.

Eta, egia da, pertxak hobe txinatarretan erostea. «Egun on» eta «agur» esaten diguten denda gutxi horietakoa baitira jadanik.

Bilatu