Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Gure artean

Yuval Abraham kazetari israeldarrak bi sari irabazi zituen joan den asteburuan Berlinalen kolono israeldarrek Zisjordania okupatuan palestinarren aurka egindako indarkeriari buruzko dokumentalagatik. Heriotza mehatxuak jaso dituela eta Israelen zuen etxeari eraso ere egin diotela salatu berri du.

Astelehenean «eskuineko israeldar pilo bat nire familiaren etxera iritsi zen nire bila, eta senideek gauaren erdian beste hiri batera ihes egin behar izan zuten mehatxatu zituztelako. Heriotza mehatxuak ere jasotzen jarraitzen dut eta etxera itzultzeko hegaldia bertan behera utzi behar izan dudala esan behar dut», idatzi du kazetariak asaldaturik.

Jazarpena ez da artearen munduan berria den zerbait. Duela gutxi Itziar Ituño aktorearen aurkako kanpaina bizi izan dugu hemen, eta neroni ere Zeelanda Berrira egindako bisitan antzeko erreferentziak aurkitu ditut bere garaian inperialismo ingelesa salatu zuten idazleen kasuetan.

XIX. mendeko pertsonaia literario interesanteenetako batek Zeelanda Berriko Christchurch hiria bisitatu zuen 1895ean. Mark Twain idazle eta gizarte-kritikaria izan zen, eta, garai hartan zaharra izan arren, kontuan hartu beharreko iritzia zen berea. Twainek, nonbait, 250.000 liberako zorra metatu zuen bere negozioek porrot egin ondoren eta urtebete igaro zuen munduan zehar hitzaldiak ematen aipatu diru hura berreskuratzeko; urte horretan, Twainek hilabete bat eman zuen Zeelanda Berrian bira egiten

Bukatu ondoren, Christchurch Savage Clubeko kideek Probintziako Kontseiluaren Ganberan gonbidatu zuten Twain, eta «arlotearen konspirazioa bidean», "Thomas Sawyer maionesa" eta "Huckleberry" ardoa bezalako jaki bitxiak afaldu zituen, denak bere idazkiak gogoan sortuak. Halaber, berrogeita hamar «basati» bertaratu ziren, «gerra-pinturaz» jantzita, garai hartako gaueko jantzi estandarra zena beraientzat.

Hala eta guztiz ere, "Hawera and Normanby Sta" egunkariaren edizioan berriemaile batek jakinarazi zuen Twainek Wanganuiren entzule gutxi poztu zituela inperialismoari buruzko bere txiste satirikoak gaitzespenez hartu zituelako hiriko establishment ingelesak, publikoari zaila egiten baitzitzaion ulertzea noiz saiatzen zen barregarri izaten eta noiz hitz egiten zuen serio.

Ez da harritzekoa arraza-gerren ondorioz hain traumatizatuta zegoen hiri batean Mark Twainen hitzaldi-bira bat-batean gelditu beharra Kupapa Māori (maori ingelesari leiala izan zena) ohoratzen zuen hiriko monumentuari buruz zituen iritzia zabaltzeagatik. Izan ere, orduan zuela gutxi lehergai batek leherrarazi zuen aipatu oroigarria, bertakoak beren arrazarentzat traidore bihurtzera animatzen baitzituen. Aldiz, maori errebeldeak, ingelesen kontrakoak, barbaro eta fanatiko gisa deskribatuak izan zirenak, herrialde hartako benetako abertzaleak besterik ez ziren izan.

Twainen ospea handia izan zen bere garaian esklabo iheslari baten alde idatzi zuelako eta "Tom Sawyer" baita "Huckleberry Finnen abenturak" liburuan ere arrazei eta gizarteari buruzko ohiko aurreiritziak salatu zituelako. Ez da harritzekoa halako iritzi sendoak izateak maorien tratamenduari eta haien aurrerapenaren beharrari buruz hitz egitera ere behartzea eta orduko egoeraz ironiaz mintzatzera eramatea.

Horrela, Wanganuiko Oddfellows Halleko Twainen emanaldian, norbait sartu zen bere hoteleko gelan eta eskuz idatzitako ohar mehatxagarri bat utzi zion, baldin eta bere ideiak zabaltzen jarraitzen bazuen agertokian emanaldi baten erdian hilko zutela ohartaraziz. Twainek ez zion jaramonik egin eta ikuskizunak aurrera jarraitu zuen, mehatxutik bizirik atera zen eta herrialdean bira egiten jarraitu zuen.

Gure artean, Euskal Herriko kulturaren eragileak, Gazako genozidioaren aurkako indarrak bildu dira eta martxoaren 17rako manifestaziora joateko deitu dute Donostian. "Kulturatik Stop Genozidio" izeneko dinamika honek bi helburu ditu: Palestinako herriari elkartasuna adieraztea eta sarraskiaren amaiera eskatzea.

Arteak eta kulturak ezin dute axolagabe iraun gure mundua itsusiago eta bidegabeago bihurtzen duten egoeren aurrean.

Bilatu