Euskal Herriaren gainean (eta kontra) eraikitako estatuek, mendebaldeko beste hainbat ingurune politiko bezala, gero eta joera handiagoa dute faxismorako. Isabel Diaz Ayuso eta Gabriel Le Senne hegoaldean edota Marine Le Pen eta Jordan Bardella iparraldean, eskuinmuturreko ideologiaren adibideak baino ez dira eta politika ultraeskuindarrak, ezagunak izateagatik ere, biziki arriskutsuak direla, jakin, badakigu.
Aipatu haien gehienen pentsamenduaren funtsan Carl Schmitt filosofo tradizionalista alemana dago. Hark botere politikoaren benetako jardunaz idatzi zuen, klase-borroka eta demokrazia liberala gainditzeko lagun/etsaia delako dikotomia oinarria hartuta.
Munduko Bigarren Gerratearen ondorengo Europan bere teoriak baztertu baziren ere, Schmitt Francoren Diktadura garaian maiz egon zen Espainiako estatuan, eta Fraga Iribarne, edo Manuel Garcia-Pelayo, 1978ko Espainiako Konstituziotik eratorritako Konstituzio Auzitegiko lehen presidentea bezala, Trantsizio Politikoa deiturikoaren buru izan ziren legelari espainiar askoren maisua izan zen.
Goian adierazitako antagonismoaren bidezko politikak eta legeak izan dira, bada, euskaldunoi horren ezagun egiten zaizkigun lawfare edo, gerra juridiko delakoen abiapuntuak.
Haien aurrean Chantal Mouffe pentsalari belgiarrak antagoniaren ordez «agonia» kontzeptua proposatu zuen.
Hau da, errotiko demokrazia pluralaren proiektua garatzeko, tradizio demokratiko modernoaren erradikalizazioa izan daitekeena iraultza demokratikoaren sakontzetik erakarrita. Teoria honen erdigunean, politika eta demokrazia kendu ezin den dimentsio gatazkatsuarekiko banaezina dela baieztatzen da. Horretarako, Mouffek agonismoa kontzeptua erabiltzen du Schmitten antagonismoaren aurrean, beraz. Gogoan du lagun/etsaiaren antagonismoak elkartze politikoa suntsitzea ekarri zuela, eta, horregatik, ezin dela zilegitzat jo gizarte demokratiko baten baitan, eta, gainera, planteatzen du politika demokratiko baten helburua antagonismo potentziala agonismo bihurtzea ere badela. Horren arabera, aurkariak bat etor zitezkeen askatasunaren eta berdintasunaren printzipio demokratikoekin, baina aurrez aurre jarriko lituzkete hastapen haiek bakoitzarentzat daukaten esanahia. Mouffek defendatzen duen demokrazia plurala eredu agonista horri dagokio, eta bere ikuspegitik, pasioek identitate kolektiboen eraketan duten zeregina aitortzearen abantaila dakar.
Bistan da, faxismoaren aurrean, errotiko demokrazia gehiago defendatu beharra dagoela, Euskal Herriko iparrean zein hegoan.