Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Hiria deseraikitzea

Duela egun batzuk, Kike Otaegik "Atotxa-Egia (Harresiz kanpoko ingurune batetik hiri espazio batera)" liburua aurkeztu zuenean, Henri Lefebvrek 1967an argitaratutako "Le Droit à la ville" (Hirirako eskubidea) liburua etorri zitzaidan burura, non proposatzen baitzuen, merkatuaren eta industriaren kaltetan, bere esentzia galdu duten balizko hirietan gizakia, hiritarra bera, bihurtu behar zela berriz ere espazio horren protagonista.

Haren ikuspegiaren arabera, hiri beraren barruan loturarik gabeko barne-hiriak sortzen dira, eremu isolatuak eta biztanleriaren nolabaiteko segregazioa eragin dituztenak, klase boteretsuak xumeenetatik banatzen dituenak estrategikoki ondo bereizitako eremuak ezarriz.

Askotan diote Donostia Paris txikia badela eta, hala izatekotan, dudarik gabe, Sena ondoan dauden diskriminazio nabarmenak gurean ere aurkitzerik egon badagoela begi bistakoa da. Kikeren liburuan Donostiako auzokoen sena ere badago, egon, hark erakutsitako mapetan eta kontatutako istorioetan gure hirian egin diren berezikerien zerrenda etengabea gorpuzten baita.

Collin Ellardek, "Psicogeografía: La influencia de los lugares en la mente y en el corazón" saiakeraren egileak, ezagutzaren bi alderdi aplikatzen zituen, neurozientzia eta espazioen diseinua, inguruneak nola eragiten digun azaltzeko. Lan honetan, hirigintzak eta arkitekturak giza adimenean dituzten eraginei buruzko balioespen ugari eskaintzen ditu. Adibidez, adierazten du forma kurboek gehiago erakartzen gaituztela lerro zuzenek baino edo informazioa bilatzeko pultsio handiak eragin egiten gaituela. Hau da, bi bideren artean aukeratu behar badugu, batean informazio berri gutxi lortuko dugula aurreikusten badugu eta bestean, berriz, informazio asko aterako dugunaren ustez, bigarrenaren alde egingo dugula zalantza izpirik gabe.

Liburuak, gainera, Bill Friedmanen "Designing Casinos to Dominate the Competition" obraren zenbait erreferentzia hartzen ditu. Kasinoen diseinatzaile ospetsu eta jokoarekiko mendekotasuna izan duen honek pertsonak ekintza jakin baterantz, kasu honetan jokatzerantz, bultzatzeko eta eraikin barruan ahalik eta denbora gehien pasatzeko erabiltzen diren trikimailu arkitektoniko batzuk erakusten ditu.

Hori guztia berdin aplikatzen zaio hiriari. Ellardek esperimentu ugari egin ditu, ibiltari taldeak bilduz eta ibilbide jakin batean zehar sentitzen dituzten sentsazioak idatziz jasotzera gonbidatuz. Horrela, garai bateko arkitekturarik sofistikatuenak kitzikapen, interes eta are zorion handiagoa eragiten duela ondorioztatu zuen, porlaneko bloke minimalista zurrenek baino, zeintzuek, aitzitik, asperraldia, haserrea eta are urduritasuna sortzen baitute.

Langile auzoetako bizitzen ari gara bere garaian Guy Debordek hiri-espazioaren perbertsioari, merkantilizazioari eta kapitalarentzako tresna bihurtzeari buruz mahai gainean jarri zuen kritika ("Le Déclin et la chute de l'économie spectaculaire-marchande", 1965), alegia, baldin eta hiria espazio batzuetatik bestetatik baino gehiago ibiltzera gonbidatzen gaituen plan baten arabera diseinatuta badago, oro har merkataritza-gunera eramaten gaituena non dena auzoetan baino hobeto argiztatuta baitagoen, oinezkoentzat egokituta, ederki apainduta eta seguruak omen diren espazioetan, inolako helbururik gabe paseatzera irtetea, nor bere kasa, matxinada-ekintza bihur daiteke. Batez ere, denbora-pasak pantailen aurrean etxe barruan egiten direnean.

Beraz, nork bere buruari galdetu behar dio nola erabiltzen duen hiria, eta irakurketa kritikoa atera behar du, benetan espazio hiritar haiek bere egiten dituen edo ez.

Bilatu