Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Jazarpenaren urrea

Ursula López flamenko konpainiak Comedia sin título (Izenik gabeko komedia), Dantza eta flamenkoa Federico García Lorcaren berpizkundean izeneko ikuskizuna aurkeztu du Donostiako Victoria Eugenia Antzokian Musika Hamabostaldiaren programazioari dagozkion jarduera artistikoen barruan, eta ijito-herriaren ekoizpen-modu kulturaletan sakontzeko eta horiek aztertzeko ekarpen oso interesgarria izan da. Halere, mendebaldeko kultura eraiki duten jazarpen arrazisten atzean, ijitoen herriaren sarraskia ia ezezaguna da oraindik.

Esaterako, Porrajmos hitza Bigarren Mundu Gerratean naziek Europako ijito herria akabatzeko egindako ahaleginei emandako izena ez da apenas zabaldu. Holokausto hitzaren arrakastak ilundu du Porrajmos delako hori. Genozidioaz hitz egitean juduen deuseztapenak dena jan duelako, baina ez da ahaztu behar politika suntsitzaile horren beste alderdi bat ijitoen kontrako kanpaina nazia izan zela. Europako ijito-komunitateak juduak baino antolaketa eskasagoa zuenez, zailagoa da egun eraildako pertsonen kopurua jakitea, nahiz eta uste den 250.000 eta 500.000 artean izan zirela, eta kontuz gero, heriotzen ehunekoa handiagoa izan zela ijito populazioan juduenean baino.

Espainia aldean ia ahaztua da ere duela 275 urte, Ijitoen Espetxe Orokorra izenez ere ezagutzen zen sarraskia burutu zela. Hainbat historialarik "sarraskitzat" edo "genozidiotzat" jotzen du gertaera hori, "ijitoa izate hutsagatik ijito-herriari ezaugarri negatiboak egozten dizkion diskurtso eugenesiko baten ondorioz" suertatutakoa.

Baina, jakina denez, giza talderen bat jazartzen den tokian, beste bat jazar daiteke, eta, batez ere, egindako horren berri ematen duen eta horien inguruan hausnartu nahi duten adierazpen guztiak ere jazartzen dira, artistikoak izan ala ez.

Gaur egun, adibidez, Espainia izaten da munduan kartzelatutako artista gehien dauzkan estatua. Horra, Espainia da egoera horretan 14 artista preso dituzten zerrendako liderra eta, ondoren, Iran (13), Turkia (9), Myanmar (8), Egipto (6), Txina (5) eta Errusia (4) daude. Espainia zen jadanik 2018an espetxera zigortutako artista gehien zituen herrialdea, Freemuseren txostenaren arabera. Urte hartan kondenatutako 60 artistetatik, Espainia, 14rekin, buru zen, eta, ondoren, Txina (11), Turkia (9), Iran (9), Egipto (8), Errusia (2) eta herrialde hauetako bakoitzean bana: Israel, Malawi, Malaysia, Oman, Saudi Arabia, Somalia eta Tunisia.

Talde etniko, artisten edo pertsonen jazarpena, bada, Espainian aspaldiko jarduna dute eta ia txapeldun olinpikoak dira. Hauxe dena ijitoek badakite, jakin. Euskaldunok ere bai. Oraingo honetako katalanen txandan, ordea, ez dakit Puigdemont garaiz harrapatzea lortuko ote duten...

Bilatu