Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

KAS herriko alternatiba

Kaleko Afari Solidarioak (KAS), euren hitzetan, Donostiako Alde Zaharrean eta Egia auzoan baliabiderik ez duten pertsonei afariak prestatzeko eta banatzeko herritarren ekimena da baina, PPko zinegotzia den Borja Corominasen arabera, «segurtasunik ezaren foku» omen dira.

Horrenbestez, PPko beste bi zinegotziekin batera eta horretarako deitutako beste batzuen laguntzaz, astearte gauean istiluak eragin zituzten Egia auzoan, janaria banatzen ari zenean.

KASeko kideak, esan bezala, auzoko bizilagun boluntarioak dira, eta elikagaiak lortu, prestatu eta banatzen dituzte dohainik erakundeen laguntzarik gabe. Gainera, aipatu banaketa hori egiteko ez dute lokalik ere, eta, beraz, afariak kalean bertan banatu behar dituzte.

Zerbitzu horren erabiltzaile ia guztiak, ordea, etorkinak dira, gehienak Magreb jatorrikoak, eta, «arrazializatutako» pertsonekin izan ohi den jarrera poliziala dela eta, hainbat jazarpen gertakari jasan behar izan dute ustezko ordenaren indarren eskutik. Probokazio instituzionaleko egoera horiei «herritarren segurtasunik eza» esaten die PPk.

Zoritxarrez, xenofobian oinarritutako gizarte liskarrak gaiztoak izaten dira arrazoi askorengatik, eta gainera, horrek ondorio negatiboak ditu bai pertsonen mailan baita gizarte osoarentzat ere.

Alde batetik, eskubide eta duintasun urraketa suertatzen da xenofobia oinarritzen baita beste etnia, kultura edo jatorri bateko pertsonen aurkako mesfidantzan, gorrotoan edo mespretxuan. Honek pertsona horien oinarrizko eskubideak urratzen dituela bistan da, haien duintasuna zapalduz eta diskriminazio egoerak sortuz. Halaber, xenofobian oinarritutako gizarte liskarrek ekar ditzaketen beste ondorio negatibo batzuk dira tokian tokiko gizartearen kohesioa ahultzea arrazismoan oinarritzen diren gizarteek ez baitute elkarbizitza sendoa eta harmoniatsua garatzen. Desberdintasunek eta mesfidantzak isolamendua eta deskonexioa eragiten dute, komunitateak zatituz. Horrek gizartearen kohesioa murrizten du, talde desberdinen arteko elkartasuna eta lankidetza zailduz.

Elkartasuna zela bide sortu zen KAS eta xenofobia dela medio ari da haien aurkako gatazka hauspotzen.

Israeli eta Gazako egoerari begiratzea besterik ez dago xenofobiak dakarren gizarte mota eta konpondu ezinezko iskanbilak ikusteko.

Egia eta Donostian bada jende solidarioa (KAS, herriko alternatibakoak) erakundeek konpondu ezin dutena, gure gizartearen zentzu komunitarioa mantenduz, bideratzeko lanean ari dena, eta badira, aldiz, eskuineko politikariak, liskar interesatuak sustatzen saiatzen direnak, ezaugarritu gaituen elkarte-protagonismoa desagertuz joan dadin eta gorrotozko eta bazterkeriazko gizartea sor dadila.

Planteamendu arrazista horren ondorio negatiboak agerian daude, hedabideen irudiak ikusi besterik ez dago.

Donostiako Udalak, ordea, asteazkeneko gauean KASen jarduera debekatu zuen. Esan digute ez dela xenofobia, baina arrazakeria segurtasun-arazo gisa mozorrotzen da, gizarte-babesaren itxurapean politika eta praktika diskriminatzaileak justifikatzeko aukera ematen duelako.

Horrela, beren jarrera zigortzailearekin delinkuentziarekin, indarkeriarekin edo terrorismoarekin lotzen diren talde etnikoak kriminalizatzea lortzen dute. Horrek indartu egiten ditu estereotipo negatiboak, eta komunitate horiek segurtasun publikorako mehatxu diren pertzepzioa sortzen du. Hori da neurri errepresiboak legitimatzeko bidea, hala nola poliziaren kontrol handiagoa edo lege gogorragoak ezartzea, «ordenari eustea» argudiatuz. Hauek dira, bada, eskuinaren «argudioak» (koartadak), zoritxarrez Donostiako Udalak bere egin dituenak.

Bestalde, hedabideek zabaldu egin dituzte gutxiengo migratzaile horietako pertsonak delitu-ekintzetan nahastuta omen dauden sasi-berriak nahiz eta pertsona zuriek, donostiarrek edo klase pribilegiatuetako pertsonek egindako beste delitu batzuek ez dute arreta bera jaso edo, besterik gabe, zuritu egiten dute (PPko zinegotzien portaera ilegala, kasu). Horri esker, kaleko afarira joan ohi diren erabiltzaile taldekoak berez arriskutsuak direla irudikatu dute.

Azken batean, kontua da benetako egiturazko kausetatik arreta desbideratzea; izan ere, arrazakeria segurtasun-arazo gisa markatzean, arazoaren benetako kausak ezkutatzen dira, hala nola desberdintasun soziala, bazterketa ekonomikoa eta diskriminazio historikoa. Arrazakeriaren sustraiei eta horri heltzeko aukera sozialei heldu beharrean, marjinazioa betikotzen duten kontrol neurrietan jartzen da arreta.

Beraz, arrazismoa segurtasun-arazotzat jotzean, bazterkeria eta errepresioa babes-narratiba baten pean justifikatzen dira, eta horrek diskriminazioa iraunarazten eta arraza-desberdintasunaren kausetatik arreta desbideratzen laguntzen du.

Bitxia da... Donostia bezalako hiri batean, non gastronomiaren izenean lurrak birkalifikatzen diren eta auzokoek nahi ez dituzten eraikinak bultzatzen baitira, non janariaren gaineko irudia ere saltzen baita eta ostalaritza turistifikazatzen den, ondorioz, kalean behartsuenei jaten ematea debekatzea derrigorrezko omen da, nonbait.

Ez dugu onartu behar, bada, eskubideak murriztuz eta beldurra erabiliz, gero eta xenofoboagoa, krudelagoa eta banatuagoa den gizarte batean amaitzea, horregatik igande arratsaldean Kaleko Afari Solidarioen alde aterako gara Donostiako karriketara. KAS, herriko alternatiba.

Bilatu