Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Make America Great Again

Donald Trumpek AEBko presidentetza lehen aldiz hartu zuenean, herritarren %54k uste zuen ez zela lanpostua betetzeko gai, eta gaur egun, herritar gehienek ere segitzen dute horrela pentsatzen, alegia, ez dela karguaren kudeaketarako gauza.

Trump garaile atera da berriro ere, ordea, hitzontzi handia emeki-emeki hitz egiten duten baina jendeari bizkarra ematen dioten funtzionarioen mafiari egindako zigor gisa ikusten dutelako.

Egun, zoritxarrez, itxaropen kolektiboak gero eta gutxiago daude errealitatearen mende.

Trumpen kanpaina kontraesanez, iruzurrez eta gezurrez beteta egon zen. Facebook eta Twitter izan ziren, hasiera batean, espekulazio egiaztaezinak transmititzeko plataforma perfektuak, eta gaur egun Elon Musk eta X-ren laguntza paregabeek erakargarri bihurtzen diete AEBetako biztanleei funtzionarioen eta politika konbentzionalaren aurka daramaten borroka.

Oraingo honetan, AEBetako demokratak suntsituak eta inperioaren aliatu izan diren agintari politikoak noraezean egonik, hala Trumpek nola Muskek ere gobernatzeko modu ulertezina argi eta garbi gainditu dute denen harridurarako.

2016an, ezinezkoa zirudien Donald Trumpek hauteskundeak irabaztea. Hillary Clintonek pozik hartu zuen aurkari gisa, horrelako aberats egolatra, matxista, arrazista eta ezjakin bat boto-emaileek babestuko ez luketelakoan. Hedabide nagusietako analistak bat zetozen harekin.

Denak okertu ziren orduan eta azken hauteskunde hauetan berriro ere zulo bertsuan erori dira.

«Make America Great Again» (hau da, egin dezagun orain Amerika handia, Amerika mundu guztiaren gainetik, alegia) izan zen Trumpen erretolika orduan eta bere leloa gaur egun. Horrek eman zion garaipena.

«Deutschland, Deutschland über alles, über alles in der Welt» kantatzen zuten hunkiturik naziek beren ereserkia (Alemania, Alemania denen gainetik, mundu osoaren gainetik).

Horixe, bada.

Bilatu