Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Kausa bat bitan

Herritarrok gure indarrak bidezko kausetara biltzeko gai ez bagara, betikoek irabaziko dute. Zaharrak berri

Egia da. Pandemiaren kontu honetan arrazoi politikoak, sozialak, eta ekonomikoak nahasian datozkigu, eta, aurrean dugun errealitate aldakorrean, ez da bereizten erraza une bakoitzean bataren eta bestearen eragin zehatza zein den. Osasun publikoari buruzkoek lehentasuna behar lukete beste kontsiderazio ia guztien aurretik, baina distortsionatu egiten dizkigute, betikoen arrazoi ekonomiko eta politikoak ezkutatzeko.

Egoera horretan egunero planteatzen zaigu, erabakiak hartzea ez bada, jarrera bat hartzea maila indibidualean zein kolektiboan, etxe, auzo, herri, eskualde, probintzia, autonomia, estatu, kontinente edo planeta mailako neurriak aurkezten zaizkigunean. Alde horretatik, pandemiak ez du ezer berririk ekarri, neurrigabeko ziurgabetasun unibertsalaz aparte. Eta herritarrok gure indarrak bidezko kausetara biltzeko gai ez bagara, betikoek irabaziko dute. Zaharrak berri.

Txertoari dagokionez, auzia ez da txertoa bai ala ez. Horrek erantzun argia dauka. Gure herrian txertoa jartzeari uko egiten diona insolidarioa da; txertatuta dauden ingurukoen bizkar, bizitza propioa segurtatu eta birusarekin betiko bukatzeko esfortzua galaraz dezakeena.

Hala ere, oso gutxitan entzuten da estatu aberatsetako herritar gisa ditugun pribilegio hiltzaileen berri. Gutako bakoitzak hiruna txerto dauzka zain, gure estatuek gastatu dituzten dirutzen kontura. Eta hor gabiltza, jar ezazu/ez dut jarriko, elkarri mokoka. Munduko populazio gehiena biltzen duten estatu pobreenek ez daukate nahikoa txertorik beren biztanleen %10 behin txertatzeko ere. Indiak eta Hegoafrikak, pandemiak irauten duen bitartean, patenteak bertan behera uztea eskatu dute. OMEk eta 164 estatuk bat egin dute eskaerarekin; 99k kontra. Eta ez da aurrera aterako. Frantzia eta Espainia, eta EBko gainerako estatuak, kontra daude, jakina. Euskal Herriko balizko estatu independentea gai izango litzateke munduko herritar pobreenekin elkartasunezko politika bultzatzeko? Horra hor bidezko kausa bat, bitan banatzen dena: herri libre eta justu bat, mundu justu eta libre batean.

Bilatu