Amerikak bizi duen arriskurik handiena da teokrazia faxista baterako ibilbidea… Gobernu bat daukazunean nahiago duena erlijio jakin batetik eratortzen den kode moral jakin bat, eta kode moral hori lege bihurtzen denean erlijio ikuspuntu jakin baten arabera, eta kode hori denean oso-oso eskuin muturrekoa…».
Frank Zappa rock musikariak Ronald Reagan presidentearen AEBetako gobernuari buruz esan zuen hori telebista eztabaida batean, 1986an. Teokrazia faxista. Ia berrogei urte dira Zappak bota zuela. Inork gutxik erabili du hitz indartsuagorik AEBetako gobernu sistema deskribatzeko. Nik dakidala, ez da inoiz AEBetako presidenterik izan bere burua fededun peto-petotzat aldarrikatu ez duenik. «In God We Trust». Hitzez hitz teokrazia ez bada, oso gertu dago. Bestalde, «faxismo» hitzari Euskaltzaindiaren hiztegiak Mussoliniri lotutako esanahi estuagoa ematen badio ere, hara nola definitzen duen Cambridgekoak: «Oso lider boteretsuan, bizitza sozial eta ekonomikoaren estatu kontrolean, eta aberri eta arraza muturreko harrotasunean oinarritutako sistema politikoa, desadostasun politikoaren adierazpenik onartzen ez duena». Teokrazia faxista. Edo faxismo teokratikoa. Ez dirudi, ez, oso termino desegokia AEBen babespeko estatu genozidari aplikatzeko ere.
Baten batek pentsa lezake ez direla oso ohikoak rock musikarien halako buruargitasun erakustaldiak, azterketa politiko publikoak egiteko aukera ematen dietenean. Salbuespenak lirateke, besteak beste, Frank Zappa, Roger Waters eta Fermin Muguruzaren kasuak. Gehienei eskertu egingo genieke hedabideetan alamena emateari utzi eta dakitena egitera mugatuko balira. Jo dezatela musika, utz dezatela errealitate politikoaren azterketa filosofo, analista eta zutabegileen esku. Baina, jakina, iritzi-emaile profesionalen buruargitasun erakustaldiak ere urriak dira oso. Musika jotzen jakingo balute, sikiera, bidaliko genituzke filosofo, analista eta zutabegileak oro beste norabait, beste norbaiti harpa jotzera.