Tabucchiren Pereirak nola, halaxe ari naiz ohar nekrologiko hau idazten, aldez aurretik. Une honetan ez baitakit zenbat denbora geratzen den. Sumatzen dut, hala ere, ezinezkoa egingo zaidala herioaren ondoko egunetan ezer idaztea. Gaur ere malkoek lausotzen didate ikusmena, baina ez lerroz lerro aurrera egitea galarazteko beste.
Lehen sintomak agertu eta bi eta zortzi urte arteko bizitza izaten omen dute Lewyren gorputzen gaitza daukatenek. Sintomak zehazki noiz hasi zitzaizkion inork ez dakienez, ezin asma daiteke zenbat geratzen zaion.
Nolanahi ere, apirilaren erdialdera diagnostikoa esan ziotenean, hiltzeko erabakia hartu zuen. Eta jateari eta edateari utzi zion. Egun batzuk lehenago, artean diagnostikoa ezagututa egoeraren larriaz jabetua ez nintzela, haluzinazioez eta paranoiez hitz egin genuen erdi txantxetan. Eta Kurt Gödel logikari handiaz, nola goseak hil zen pozoituko zuten beldurrez. Berak ere gose-egarriz hiltzea nahiago zuen, nonbait, burua galduta bizi baino. Eta amari agur esan ahal izatea eskatu zuen.
Ama eraman zioten ospitalera. Eta beren gauzez jardun omen zuten. Gauzen ordena naturalak hala eskatuta (eta ez logikak, ozenki ohartaraziko ligukeenez), ama baino lehen ezin hil zitekeela erabaki bide zuen orduan. Jaten hasi, giharrak indartzeko errehabilitazioa serio hartu eta etxera eraman zuten zenbait aste geroago; berak ez zekien esaten zenbat, ezagutu dudan oroimen handieneko pertsona galtzen hasia baitzen epe motzekoa. Pertzepzioak ere iruzur egiten zion. Baina adimenak eta epe luzeko oroimenak ez. Filosofiaz, logikaz, literaturaz eta liburuez, bere liburu maiteez hitz egin genuen. Eta bere haluzinazioez eta paranoiez. Eta bere lagun eta etsaiez. Biharamunean berriz ospitaleratu behar izan zuten. Ez dakit oraintxe noiz arte.
Hau idazten ari naizela, maiatzaren 3an, ez dakit esaten bere burua hilko duen, edo hiltzeko laguntza beharko duen, edo zer. Dakidana da, hau irakurtzen duzunean, ez dela gehiago Tarzanen orrorik izango. Zumaiako itsasoaren orroa da geratuko dena. Eta gainontzekoa isiltasuna izango da.