Kepa Korta Carrión
Kepa Korta Carrión
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Tinduf

Donostiako Alto Vinagreseko Agerre tabernako ostiraletako bazkalondoetan Juan Berasategirekin ikasi nuen whiskia edaten, honetaz eta hartaz berriketan jarduten genuen bitartean: politikaz, arteaz, zinemaz, ETBz, nazioaz, Pasai Donibanez, itsasoaz, Txinaz eta Koreaz, euskal folklore tradizionaleko dantzariek erakusten duten azal zentimetroen eskasiaz eta haien gorputzen arteko ia erabateko kontaktu ezaz, kartzelaz eta erbesteaz, Parisez eta AEBez, "Egunkaria"-koen eta beste guztien torturaz, filosofiaz eta marrazkigintzaz, "Gogoa" aldizkarirako azal proposamenez, botereaz eta zentsuraz... oso gutxitan hitz egin genuen geure kontu partikularrei buruz. Gogoan dauzkat, ordea, begiak busti zizkidaten Juanbaren pare bat istorio, hainbat xehetasunek dagoeneko ihes egin didaten arren.

Franco bizirik zegoen oraindik, edo hilzorian, edo hilda, ez nago seguru; baina oraindik haren kontra ari ziren manifestariak Donibaneko kaleetan. Eta beldur handi eta behatza arin behar zuen polizia edo guardia zibil batek tiro egin zion bularrera bertatik bertara. Odolustu zen ia kale kantoian baina, ziztu bizian Donostiako ospitalera eraman zuen gidari bati esker, bizirik atera zen (errezeloa daukat Donostiako ospitale militarrera eraman ote zuten, eta oroimenean dantzan dabilzkit auto partikularra, taxia eta anbulantzia, garraiobide gisa).

Saharan egina zuen soldaduska Juanbak eta saharar gatibu baten zaindari jarri omen zuten behin. Guardia zibil edo poliziaren antzera, herri zapaldu batekoa izanda, estatu zapaltzailearen soldadu gisa egokitu zitzaion arma eskuan, beldurra handi eta behatza arin. Juanbak ez zuen tirorik egin. Handik hamarkada batzuetara, Tindufeko zinemaldiaren bueltan, elkar besarkatu zuten gatibu ohiak eta soldadu ohiak. Guardia zibil edo polizia tiratzailearen berririk ez zuen sekula izan. Ezta beharrik ere, seguru asko.

Film edo dokumental politak egin daitezke bi pasadizo horien harira. Koldo Izagirreri ere horien berri nonbait irakurri diodala uste dut. Saharatik datozen tiro hotsek ekarri dizkidate orain, lausopean, burura.

Bilatu