Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Tristeziaren apologia

Batzuen irribarre iraunkorra errealitate gordinari ihes egiteko taktika izan liteke; minari ez ikusiarena, ez sentitzearena egiteko saio anestesikoa.

Ba omen dira egoerarik zailenari ere ahoan irribarrea dutela aurre egiten diotenak. Eta irribarrea ez omen dute faltsua, ezta behartua ere. Ez omen dira minak atsegin ematen dien horietakoak ere. Burutik sano omen daude, berri txarra datorkienean, eragileari nahiz mezulariari irribarre egiten dioten horiek. Akaso izango da halako gizaseme eta alabarik baina, zer esango dizuet ba; nik ez dut bakar bat ere topatu.

Minaren aurrean hortzak eta begiak estutu dituztenak topatu ditut nik. Heriotzaren aurrean negar egiten dutenak, triste. Injustiziaren aurrean haserre, burua altxatzen dutenak. Eta zorionean, maitasunean eta parrandan barre eta algara egiten ere badakitenak, edo ezezagunari barre-irria eskaintzen diosal egitean.

Batzuen irribarre iraunkorra, ordea, errealitate gordinari ihes egiteko taktika izan liteke; minari ez ikusiarena, ez sentitzearena egiteko saio anestesikoa; edo izatea hautemana izatea dela zioen Berkeley apezpikuaren jarraitzaileen taktika; edo zoriona egiaren gainetik jartzen duten hedonisten politika. Batek daki. Ongizatea egiaren gainetik eta gizakion adimen eta ezagutzaren gainetik jartzen duten auto-laguntza liburu-egile lotsagabe asko dago inguruan; Paulo Coelhozale ugari. Edo John Stuart Millen kontrara, gizaki asegabea baino, txerri asea izan nahiago dutenak; babo asea izan nahiago dutenak, Sokrates asegabea baino. Eta oso ondo iruditzen zait. Baina ni ez naiz halakoa.

Irribarrea nahiago dut, negarra baino; zoriona, zoritxarra baino. Baina alferrik da mina irribarrez estaltzen saiatzea. Injustizia algararekin ezabatu nahi izatea. Heriotza geroko bizitzaren promesaren batekin ezkutatzea. Edo hori uste dut nik.

Oporretan ez gara denok irribarretsu ibili. Uda ez dugu ikasturtea irribarretsu hasteko «pilak kargatzeko» erabili. Galerak eta isiltasunak eragindako tristezia bizi izan dugu batzuek. Eta biziko dugu oraindik bolada batean. Bakantzak pasata, eguneroko terrentan ere atseginari eta atsekabeari bere tokia aitortzen ikastea da bizitzen ikastea. Eta ikaskuntza ez da hil artean amaitzen.

Bilatu