Gertaera jakin batzuen harira gogoratzen gara batzuetan osasun, banka, hedabide edo energia konpainia publikoen garrantziarekin. Gehienetan, hala ere, funtzionario alfer ustelen kontrako aurreiritziak gailentzen zaizkigu, edo enpresari txiki nahiz handi zintzoaren mitoak, eta, ikuspegi neoliberalen eta sozialisten arteko talkatik datozen argudioez gain, beste arrazoi batzuk korapilatzen zaizkigu debateetan. Hezkuntzaz ari garela, adibidez, euskaldunoi bi faktorek baldintzatzen digute laikotasun, ideologia edo klase eta jatorri berdintasun kontuetan jabetza publikoak eskaintzen duen bermeari buruzko eztabaida: euskara eta estatu propiorik eza. Euskarak nazio hizkuntza gisa bultzatuko duen estaturik ez dauka, eta bi dauzka larrialdi egoeratik heriotzara eramateko bokazioa daukatenak. Gauzak horrela, ulertzekoa da euskararen herri ekimenak estatuen sareetatik kanpo bideratu izana. Euskal erdiko alternatiba publikoek –herri ekimenezkoak ordezkatzeko sortuak gehienak– erakutsi dituzte beren ezinak. Estatu propiorik gabe euskarari arrotza zaio jabetza publikoa.
1970-80 urteen bueltan euskarak UEU zuen unibertsitate egitura bakarra; irakasle eta, batez ere, ikasle euskaltzale ameslarien bilgunea. Euskara ez zen sekula izan unibertsitate pribatu erlijiosoen xedea, edo frantziar unibertsitatearen Iparraldeko guneena. Pribatu berriak ez dira euskararako sortu, eta UPV/EHU eta NUP ere ez ziren euskararako jaio. Daukaten lege-arbaso komuna izanda –espainiar konstituzioa–, ezin zuten eta ezin dute; eta, gainera, ez dute kudeatzaile euskaltzalerik izan edo, izan dutenean, ez du nahikoa indarrik izan, nagusiki Espainian hezitako irakaslez hornitutako egituren inertzia gaztelania-zaleak iraultzeko. Bestela esanda: arrazoiak sobera dauzka euskaltzaleak unibertsitate publikoekin mesfidatia izateko; baina ez pribatuekin baino gehiago. Eta aldatzen ari dira. Aldaketari eustea eta sakontzea da orain kontua: kudeatzaile eta politika euskaltzaleak bultzatu, eta hizkuntza, irakaskuntza eta ikerkuntza indartu, euskararen errepublika helburu.