Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Konfiantza

Lortzen zaila da; baina segundo bakar batzuetan galdu daiteke eta berreskuratzea ez da erraza. Nago bertuteen artean garrantzitsuenetarikoa dela. Egia da norberaren izaerak eta aurretiaz izandako esperientziek badutela zeresana hura sentitzeko garaian, baina, oro har, ez dugu aise atzeman edo ematen, eta uste dut urteetan aurrera joandakoan are eta gutxiago. Konfiantzaz ari naiz, norberaren buruarengan izan beharrekoaz baino inorenganakoaz, eta zehazki kontatzen digutenaren ingurukoaz.

Harriduraz irakurri dut jasotzen ditugun albisteekiko konfiantza maila baxua dela, eta ez joera berria delako. Komunikazio alorrean erreferentziazkoa den "Digital News Report"-en aurtengo txostenak beste behin jarri du mahaiaren gainean handik eta hemendik jasotzeko ditugun berriei aitortzen diegun fidagarritasuna baxua dela; aipatutako ikerketaren arabera, mundu mailan %40koa da, baina herrialdetik herrialdera badira alde esanguratsuak: Grezian %23koa da, eta hirukoitza, berriz, Finlandian. Estatu espainolean, tasa hori %33koa da.

Arazoa zera da: zein puntutaraino sortzen digu konfiantza falta horrek ezinegona? Izan ere, badira txosten berean zer pentsa eragiten duten beste datu batzuk; besteak beste, albisteak kontsumitzeko plataforma zenbaitek hartu duten pisua, batez ere bideoei lotutakoek, eta azken denboran, gainera, formatu laburreko edukiak ari dira indartzen. Eta hori, nahiz eta plataforma horietan kontsumitzen dituzten albisteak egiazkoak diren ala ez bereizteko behar besteko gaitasunik ez dutela onartu duten inkestako parte-hartzaile nahikotxok. Beraz, zein da arazoa, inoizko eduki gehien eskura dituzten herritarrek informatuak egoteko inoiz baino behar edo desira gutxiago dutela? Konfiantza ez dela informazio iturri bat balioztatzeko oinarrizko ezaugarria? Etorkizunean, gainera, edukien gorakada izango dela aurreikusi dute adituek, besteak beste, adimen artifizialaren bidez sortutako testu eta irudiak jada nahasia den ekuazioan sartuko baitira. Horrenbestez, zintzotasuna bai, baina hezkuntza mediatikoa ere oinarrizkoa zaigu.

Bilatu