Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Beldurra

Beldur txikiez edota beldurtxoez sarri aritzen gara etxean, haiek sentitzean sortzen zaigun ezintasun eta erneguari aurre egiteko. Nork bereak dituela eta, ahal bada, gainditzen ahalegindu behar dugula gogoratzen saiatzen gara, horretarako aproposkoa den, gelako apalategiaren aurreko aldean kokatu dagoen eta jada buruz dakigun liburuaren pasarte desberdinak irakurrita. Guztiz ulertzen ez baditugu ere, elkarren beldurrak entzuten saiatzen gara, eta nik onartzen diet badakidala aukera gutxi dagoela sagu edo arratoi batek ezer egiteko, baina, bateren bat aurrean jarriz gero, korrika egin eta parean topatutako lehen koskan igo beste erremediorik ez dudala izaten. Txikiek barre egiten dute eta, nik, beldur horri eutsita, benetan sentitzen ditudan beldur handiagoei zuzenean eutsi gabe aurrera egiteko aukera izan dut, izan asko ditudalako.

Antza, bada gure burmuinean beldurraz arduratzen den eremu espezifikoa, baina izuaren tamaina eta hark eragiten duen sentsazioa pertsonalagoak dira; uste dut jasotzen ditugun mezuek eta bizitzan zehar pilatutako bizipenek baldintzatua dagoela, baina beldur horren inguruan egindako hausnarketak ere badu zeresana. Sagu eta arratoiena mantendu dut, baina txikitan izandako beldur asko gainditu ditut eta beste asko sortu zaizkit, neurri desberdinetan eragiten didatenak; beldurra beldur ematen ere hasi zaidala uste dut. Izan ere, arriskuak ekiditeko baliabide modura funtziona badezake ere, gure buruak lotzeko gaitasun handiagoa duela uste dut, mugatzekoa, kontrolatzekoa. Horregatik dira hain traketsak segurtasunaren izenean edo, beldurrari bide ematen dioten mezuetako asko, eta aspaldi honetan gai desberdinei lotuta entzun, ikusi eta irakurri ditut. Datu eta gertaeretan oinarrituak batzuk, errealitatea bera gordina delako, baina badira tartean fokua norbanakook erantzukizunean jartze hutsagatik ikara eragiten dutenak, nahigabe edota apropos. Beldurra bada sentimendua, bada lotura, bada ahultasuna, bada irakaspena eta bilaka daiteke boterea.

Bilatu