Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Galdetzea gakoa

Adimen artifiziala eta desinformazioaz aritu dira bi egunez zenbait aditu "Komunikazioaren iraultza: adimen artifiziala eta informazio-desordenak" Ziberkazetaritzaren eta Komunikazio Digitalaren Nazioarteko XVI. Kongresuan. Adimen artifiziala egiazkoa dela dirudien baina ez den informazioa sortzeko prestatua dagoela aipatu dute tartean, baina harremana ez da ezinbestean horrela josten, desinformazioari aurre egiteko baliabidea ere izan daitekeelako. Adimen artifizial sortzaileak interesa, irrika eta ezinegona sortzen du erabiltzaileen eta ikertzaileen artean eta, hori dela-eta, azken urteetan gaiaren inguruan argitaratu diren ikerketak biderkatu egin dira.

Desinformazioaren inguruan esandakoek eta azken asteetan AEBetako hauteskundeen edota Valentziako hondamendiaren testuinguruan izan diren adibideek eragin dute, ordea, benetako kezka. Egunerokoan sarean oihartzuna eta zalaparta sortzen duten gaiak egiaztatzen aritzen diren profesionalen ahotik entzun da ezin dituztela sarean zabaltzen diren desinformazio asko egiaztatu, ez nahi ez dutelako; zoritxarrez, asko direlako, gehiegi.

Krisi eta ezinegon egoeretan, zaurgarriago garenean, orduan lortzen dute gizarte kaltea eragiteko helburuarekin sortu eta zabaltzen diren mezuek gugan eragin handiagoa. Zer eta zergatik gertatu den jakin nahi dugulako eta erantzun azkarrak nahi izaten ditugulako, jaso edo irakurri dugun hori nork eta zein helbururekin sortu duen galdetu gabe.

Garaiari lotutako fenomenoa omen, eta, beraz, ezagutzeko eta hari aurre egiteko estrategiak lantzea funtsezkoa izango da desinformazioaren aliatu ez bihurtzeko. Teknologiek, noski, erabiltzaile gisa ere lagun diezagukete jasotzen dugun informazioaren egiaztapena egiten, baina kasu gehienetan arreta jartzea da gakoa. Alegia, titular deigarriek eta haiek eragiten duten emozioek begirada gandutu ez dezaten ahalegina egitea, irizpide kritikoa baliatzea eta handik eta hemendik iristen diren mezuen aurrean informatzeko konfiantzazko eremuak sortzea.

Bilatu