Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Olinpiar Jokoak

Ostiralean egingo dute irekiera ofiziala, baina gaur bertan lehian hasiko dira diziplina batzuetako kirolariak. Betidanik izan dut Olinpiar Jokoak bertatik bertara ikusteko ametsa, baina oraingoz –eta ez dut uste etorkizunean ikusteko modurik izango dudanik–, hedabideen bidez jarraitzearekin konformatzen naiz eta oporraldiko errutinak partida, lasterketa eta froga desberdinetara egokitu daitezen ahalegintzen naiz.

Kontua da edizio bakoitzean zalantza eta kontraesan berberak sortzen zaizkidala, eta irekiera ekitalditik bertatik; izan ere, kirolaren eta politikaren arteko harremana inoiz baino tinkoago agertzen da, jaiaren eta ikuskizunaren argi jokoen distirak lausotuta gainera. Baina kirol proba desberdinak ikusten ere sortzen dira. Kirolari asko ez ditut ezagutzen, eta sekulako balentriak eginak dituzte Olinpiar Jokoetara joateko, salbuespenak salbuespen, ikusarazten diguten eta jarraitzen dugun kirolaren ikuspegia mugatua baita oso. Diziplina askotan aritzen diren kirolariek apenas lortzen duten hedabideek eskaintzen duten oihartzuna eta, horrenbestez, babesleen eta ikusleriaren sostengua.

Emakumeen eta gizonen artean egiten diren bereizketak ere kontuan hartzekoak dira. Abiatzear diren jokoei begira Nazioarteko Olinpiar Batzordeak iragarri du gizonak adina emakume arituko direla lehian, eta proba kopuru berdinean gainera. Zenbakitan parekidetasuna lortu omen da, eta hori, euren ustetan, nahikoa da berdintasunaz mintzatzeko. Bereizketak eta diskriminazio zantzuak oraindik handiak dira, ordea. Milioika jarraitzaileren arreta erakarriko duen kirol hitzorduaren gorabeherak aztertu dituen Michele Donnelly ikertzaileak, besteak beste, gimnasia artistikoan jarri du arreta eta nabarmendu du aparatu desberdinak ez ezik, janzkera arau desberdinak ezartzen dizkietela. Lurrean egiten diren probetan, gainera, emakumeei dantza pausoak tartekatzea eskatzen zaie eta gizonei, aldiz, ez; azken hauen kasuan indarra da gakoa. Adibide bat da, baina badira beste hainbat ikertzailearen arabera, modu sotilean estereotipoak iltzatzen dituztenak.

Bilatu