Beñat Zarrabeitia

Andy Schleckek euskal zaletuak zoriondu ditu twitterren

 

 

Luxemburgoko txirrindulariak, Markel Irizar eta Haimar Zubeldiaren taldekideak, adeitasun eta errespetuzko keinua izan du gaur Piriniotako etapetan babesa eskaini dioten ehunka euskal zaletuentzat. Schleck anaien artean gazteenak euskarazko txio bat askatu du hotelera iristean. Hiru ordu eskasetan, Schlecken euskarazko hitzek 1000 retweet baino gehiago izan dute eta bere jarraitzaileak diren 275.000 pertsonek euskarazko 140 karaktere irakurri dituzte munduko bazter guztietan.

Ez da Schleck anaiek edo atzerriko txirrindulari batek euskara edo Euskal Herriarekiko begirunea adierazten duen lehen aldia. Iaz, Europa Leagueko finalaren aurretik, Frank Schleckek edo Daniele Bennatti Athleticeko elastikoarekin ateratako argazkiak igo zituzten twitterrera. Zuri-gorriei bultzada mezuekin batera lagundutako argazkiak. Aurten, Euskal Herriko Itzuliaren baitan Amets Txurrukak erakutsitako adorea goraipatzeko, Jens Voigt alemaniarrak "Lehoi bihotza" bezala definitu zuen Lea-Artibaiko karrerista.