Lehenik, Kongresuan, eta azken egunotan Senatuan, zigor kodea aldatzea erabaki da aho batez, adimen urriko pertsonen antzutze behartua saihesteko. Batez ere desgaitasun intelektuala eta psikosoziala duten emakumeei eta neskei eragin izan die egoera horrek. Dena dela, aldaketa ez da bat-batekoa izan: desgaitasunen bat duten emakumeen elkarteen mugimenduak eta hainbat nazioarteko erakundek egindako urteetako presioa eragin handikoa izan da.
Egia da egungo zigor kodearen arabera, antzutzea muturreko kasuetan bakarrik egin daitekeela, ez dela araua, baina horrek ez dio gertaerari inolako garrantzirik kentzen. Interes gorenak babesteko asmotan, funtsezkoa den autonomia eskubidea urratu egiten da; funtsean nahiko jarrera paternalista. Badira hainbat nazioarteko dokumentu portaera horren kontra argi eta garbi egiten dutenak. Aipatzekoa da NBEren Desgaitasunak Dituzten Pertsonen Eskubideei Buruzko Konbentzioa, zeinetan aitortu egiten den desgaitasunen bat duten pertsonek eskubidea dutela beren ugalkortasunari eusteko eta askatasunez erabakitzeko zenbat seme-alaba izan nahi dituzten. Bestetik, Europako Kontseiluaren Emakumeen Kontrako Indarkeriaren eta Etxeko Indarkeriaren Kontrako Hitzarmenak espresuki debekatzen ditu antzutze behartuak.
Hartutako erabakiari ezin zaio garrantzirik kendu, bada dudarik gabe desgaitasuna duten pertsonen giza eskubideen babesean aurrerapauso garrantzitsua. Azken urteetan ematen ari diren aldaketen adierazle, esaterako, iaz adimen urritasuna zuten guztiek aukera izan zuten bozkatzeko Hauteskunde Araubidearen Lege Organikoa 2018an aldatu ostean. Aztertzen ari garen kasuan, oraindik ere egiteko asko dago aniztasun funtzionala dutenen bizitza sexuala eta afektiboa osoa izateko baldintzak bermatzeko eta, bereziki, ditugun tabuak hausteko. Ikusezina bihurtu den indarkeriak ez du babes eredu baten beharra, laguntzak eskaintzen dituen erabaki sistema da lehenetsi beharrekoa. Desgaitasuna dutenek ere, euren bizitzan eragiten dieten gaietan erabakitzeko eta euren gaitasun osoa garatzeko erabateko eskubidea dute.