Hirietako segurtasunari buruzko kezka gero eta handiagoa da. Egia da segurtasun-gabeziaren pertzepzioa ez dela beti bat etortzen benetan ematen diren delituen kopuruarekin. Hala ere, horrek ez du esan nahi arreta jarri behar ez zaionik, beldur horrek eragin argia baitu bizi-kalitatean, antsietatea, ohitura-aldaketak edo isolamendua eragin ditzakeelako. Beraz, delituaren prebentzioa funtsezkoa da, baina baita delituarekiko beldurraren prebentzioa ere.
Prebentzioaz ari garenean, errezetak beti berberak izan ohi dira eta, ondorioz, emaitzak ere bai; hortaz, begirada zabaltzea garrantzitsua da. Alde horretatik, ingurumen-kriminologiak eskaintzen duen ikuspegia aintzat hartzeko modukoa da. Kontuan hartzen du delitu-portaerek eragin nabarmena dutela beren ingurunearekin. Hiri-espazio batzuek, euren ezaugarriengatik, delitua gertatzeko aukerak murrizten dituzte. Aitzitik, espazio batzuek delitu-ekintzak bultzatzen dituzte. Ez da azalpen bakarra, jakina, baina kontuan hartzeko aldagaia da. Zentzu horretan, ezagunak zaizkigu, esaterako, emakumeek segurtasun gabezia sentitzen duten lekuetako mapak.
Segurtasun ezarena fenomeno hiritarra da argi eta garbi, eta konfiantzan eta elkar ezagutzan oinarritutako landa-komunitateekin kontrajarrita definitzen da. Beraz, espazioen diseinuak eta horiek egoki mantentzeak berebiziko garrantzia dute, baina baita bizitza komunitarioa indartzea ere; beharrezkoa da sare sozialak sortzea eta finkatzea. Esaterako, gizarte-kohesio txikiagoa izateak delitua jasateko arriskuaren aurrean bakarrik sentitzea indartzen du. Horrela, garrantzitsua bada ingurua ondo ikustea, argiztapen egokia beharko da, baina baita ikusmena oztopatzen duen elementurik ez egotea ere. Era berean, funtsezkoa izango da, beste batzuen laguntza jaso ahal izateko, espazio publikoan egoten lagunduko duten tokiak: bankuak, oinezkoentzako kaleak, iturriak eta abar. Azkenik, herritarren parte-hartzea sustatu behar da, hiri espazioaz jabetzea sustatu eta bizi kalitatea hobetzen duelako.
Hiri segurua
Segurtasun ezarena fenomeno hiritarra da argi eta garbi, eta konfiantzan eta elkar ezagutzan oinarritutako landa-komunitateekin kontrajarrita definitzen da.