Maria  del Rio
Maria del Rio

Hondartza berdeak

Beroa ez da erabat agertu; egun hauetan sandaliak eta aterkia tartekatu, eta batzuetan uztartu ere, egiten ditugu. Hala ere, udak gero eta luzeagoak eta beroagoak direla ukaezina da, baita horrek pertsonengan eta ingurumenean duen eragin negatiboa ere. Hortaz, inork ez du zalantzan jartzen gure hirietan aldaketak egitea premiazkoa dela, baldintza klimatiko berrietara egokitzeko, baita gure bizi-kalitatea ahal den neurrian hobetzeko ere. Beraz, klima-aldaketaren erronkei aurre egin ahal dieten hiriak lortzeko pausoak eman behar ditugu, hiri-garapen orekatuagoa eta iraunkorragoa sustatuz. Ildo horretan, egiturazko erabakiak hartu beharko dira, hala nola trafikoa murriztea eta eraikinen estaldura hobetzea. Baina zer egingo dugu zehazki beroa heltzen den garai horietan?

Argi dago ezin garela bero sargoria dagoen bakoitzean urrunera joan, eta are gutxiago denboraldi osoan zehar. Aire zabaleko igerilekuek ere ez dute gaitasun nahikorik denontzat, eta ez dira, gainera, mundu guztiarentzat aukerarik egokiena. Beharrezkoa da, hortaz, erabilera malguko espazio ludikoak sortzea, etxetik gertukoak eta doakoak. «Hondartza berdeak» izen iradokitzailea erabili ohi da itzal eta ur eremuak dituzten berdeguneak izendatzeko. Edozein unetan toalla hartu, liburu bat irakurri edo umeekin jolastu eta freskatzeko aukera ematen digutenak guztioi (haurrei eta adinekoei, bereziki); gainera, autoa hartzeko edo mugitzeko beharrik gabe, gure ingurunean bertan gustura egoteko aukera eskainiz. Ohituago gaude horrelakoak Europako beste hiri batzuetan ikustera; Berlinen, esaterako, oso sare zabala dute. Gozatzeko eta elkar topatzeko toki aproposak dira eta oso biziak izaten dira. Ez dira soilik ingurumen-premia bat, herritarren eskaria ere badira; izan ere, etengabe bilatzen baititugu ingurune bizigarriagoak, osasungarriagoak eta iraunkorragoak. Azken batean, begirada zabaltzea garrantzitsua da, eta horiek gure ingurunea birpentsatzea suposatzen dute, zaintza oinarrizko premiak asetzetik haratago doala erakutsiz.

Bilatu