Abenduaren 3an Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko eguna ospatu da. Hainbat elkarteren lanari esker, pisu gero eta gehiago hartzen ari den data da, alegia. Bada, beraz, urteko une bereziki egokia desgaitasuna duten pertsonen lidergoa eta parte hartze aktiboa sustatzeko beharraz aritzeko.
Parte hartze eraginkorra lortu ahal izateko, ezinbesteko aurre baldintza da ingurune egokiak izatea, berdintasuna baldintzatzen duten oztoporik gabe. Hau da, premiazkoa da irisgarritasun unibertsalaren aldeko apustu irmoa egitea. Hori, zalantzarik gabe, onuragarria izango da desgaitasuna duten pertsonentzat, baina baita beste talde batzuentzat ere; hala nola adinekoentzat, haurrak zaintzen dituztenentzat edo aldi bateko lesioa dutenentzat. Azken batean, biztanle guztien bizi kalitatea hobetzeko bidea da, ingurune seguru, eroso eta funtzionalak sortzea.
Horretarako, plangintza egokia eta zeharkakoa behar da. Kontua ez da irtenbide isolatuak eskaintzea, ezta obra puntualetara mugatzea ere. Arkitekturan eta hirigintzan diseinu inklusiboa landu behar da; irisgarriak diren garraiobideak izan behar ditugu; informazio nahikoa lortzeko bideak eskaini, komunikazio argia eta irisgarria ziurtatuz; irisgarritasun unibertsalari buruzko sentsibilizazioa eta formakuntza bultzatu, eta abar. Garrantzi handikoa bada ere, ez da nahikoa, esate baterako, bizilagunen eskaera ugarien poderioz auzo zehatz batean igogailu bat jartzea. Askoz harago joatea beharrezkoa da, planifikazio orokorrean txertatu beharreko gaia da, hain zuzen ere.
Irisgarritasun unibertsalak parte hartzea errazten du, bai, baita hiri inklusiboagoak eta guztiontzako bizigarriagoak lortzen lagundu ere. Ez da onargarria hiriak zaintza lanik egin behar ez duen adin ertaineko gizon zuri baten neurrira diseinatzea. Zalantza barik, herri zaintzaileek irisgarritasuna erdigunean jarri behar dute.
Ezin dugu ahaztu desgaitasuna ingurunearekiko elkarreraginaren emaitza dela, inguruneak baldintzatzen baitu pertsonen bizi kalitatea. Inguruneak handitzen edo mugatzen baititu pertsonaren gaitasunak.