Eliza katolikoaren barruan adingabeei egindako sexu erasoak eta sexu abusuak ikertzeko eskaera gero eta sendoagoa da, eta gero eta oihartzun handiagoa du. Aste honetan bertan, kongresuak horiek ikertzen hasteko lehen urratsa egin du. Badira ere bestelako ikerketak martxan, eta ez bakarrik eremu juridikoan; esaterako, Estatuko Fiskaltza Nagusiak hasi berri duena. Ildo beretik, ezin da ahaztu biktimek sustatutako ekimenen garrantzia. Ikertzeko modu zehatzaren inguruan erabateko adostasuna ez badago ere, oraingoan bai, aurrera doala baieztatu daiteke. Aitzitik, Apezpiku Konferentziak bere hitzetan ez du inoiz jarrera proaktiborik izan, eta oraingoan ere ez dirudi, salbuespenak salbuespen, jarrera ezberdina erakutsiko duenik. Antza, ez zaie gehiegi axola Europako herrialde gehienetan Elizak hartutako bidea, edo Aita Santuak gertatutakoak argitzeko eskatuz egindako adierazpenak.
Kasuak epaileen aurrera eramateko aukeraz harago, biktimei erantzun egokia emateko beste bide batzuk ezar daitezke, egia, justizia eta erreparazioa oinarri hartuta. Banakako erantzukizunak argitzea garrantzitsua bada ere, etorkizunera begira azterketa orokorra egitea eraginkorragoa izan daiteke. Hau da, horrelako jokabideak errazten dituzten egiturazko arriskuak eta prebentzio akatsak argitara ematea. Informazio nahikorik ez dugun arren, itxura guztien arabera, hau ez da sagar ustel gutxiren kontua. Gizartean horren pisu handia duen erakunde batek egin ditzakeen aldaketez gain, beharrezkoa da gertatutakoaren tamaina ahalik eta modu fidagarrienean ezagutzea, beharrezkoak diren politika publikoak martxan jarri ahal izateko.
Biktimei eragindako sufrimendua aztertzerakoan ezin da ahaztu Elizak, bai eta gizarteak ere, ez dutela urteetan zehar salatutakoaren aurrean ezer egin. Isiltasunak eta gertatutakoa minimizatzeak mina areagotzea ekarri dute. Garrantzi handikoak dira, beraz, oraingoan ahotsa aitortzeko ematen hasi diren pausoak.
Isiltasunaren kiribila
Gizartean horren pisu handia duen erakunde batek egin ditzakeen aldaketez gain, beharrezkoa da gertatutakoaren tamaina ahalik eta modu fidagarrienean ezagutzea.