Azaroaren 25eko astean gaude, eta bada, beraz, emakumeen kontrako indarkeria guztien aurka gaudela adierazteko une bereziki aproposa, baita indarkeria sorrarazten duten eragile guztien kontra egiten dugula ere ozenki adierazteko abagunea. Bereziki gogoan ditugu 2021ean hil dituzten emakume guztiak. Halere, jakin badakigu indarkeria askoz ere hedatuago dagoela eta forma aski ezberdinak hartzen dituela. Horien artean, indarkeria digitala da sarritan gutxiesten den horietakoa.
Berriki jakin da Istanbulgo hitzarmenerako lehen Gomendio Orokorrean gai hori jorratzen dela, hain zuzen ere, gabeziak agerikoak direlako. Horren esanetan, arazo globala da, gero eta nagusiagoa, eta ondorio larriak dituena. Argi dago eremu digitalean izaten diren emakumeen aurkako ekintza guztiak ez direla larritasun berekoak, eta guztiek ez dutela betetzen zigor-arloko epaiketaren atalasea, baina funtsezkoa da horren fenomeno aldakorraren aurrean ikuspegi inklusiboa hartzea. Merezi duen garrantzia aitortzen hasi zaio sexting (eduki sexualeko irudiak zabaltzea kaltetuaren baimenik gabe), sextorsioa edo grooming bezalako jokaerei, baina artatu beharrekoak dira ere body shaming (irudi fisikoari iseka egitea) edo cyber-flashing (eskatu gabeko irudi sexualak bidaltzea) bezalakoak.
Emakumearen aurkako indarkeriaren dimentsio digitalak, indarkeria pairatzen dutenengan eragin psikologikoa izateaz gain, disuasio-eragin handia du. Autozentsura da honen ondorio arbuiagarria. Finean, emakume horien ikusgarritasuna eta bizitza publikoan duten parte hartzearen aurkako erasoa da. Edozelan ere, argi dago guztiek ez dutela egoera kezkagarri hori modu berean bizitzen. Okerragoa izango da bestelako diskriminazioak pairatzen dituzten emakumeentzat, edo irudi publikoa dutenentzat: politikari, kazetari edo feministentzat, kasu. Kaltea ez da eurentzat soilik, ahots horien faltarekin eztabaida publikoa pobretzen da eta demokrazia ahultzen da. Autodefentsa feminista antolatuaren aldeko aldarria egin du aurten mugimendu feminista; arlo honetan ere erantzun kolektiboak beharrezkoak dira.
Sexismoa.net
Emakumearen aurkako indarkeriaren dimentsio digitalak, indarkeria pairatzen dutenengan eragin psikologikoa izateaz gain, disuasio-eragin handia du. Autozentsura da honen ondorio arbuiagarria.