Maria  del Rio
Maria del Rio

Zalantza gehiegi

Jakin izan denez, La Caixa Fundazioak akordio bat lortu du Bilboko Azkuna Zentroan Steam gela bat zabaltzeko. Xehetasunak argi ez dauden arren, akordioaren bidez, «Lantegi» gunea, orain arte artisten laborategi eta erresidentzien esparrua, alegia, banku bateko fundazioari lagako zaio. Aldaketa urtarrilean bertan izango omen da, eta oraindik ez dago batere garbi zer gertatuko den bertan programatutako ekimen kulturalekin, ezta etorkizunean izan ahal zirenekin ere. Are gehiago, Udalak aurreratu du etapa berri bat ireki nahi duela La Caixa bezalako bazkide estrategikoekin. Badirudi, beraz, pribatizazioarekin ekiteko hautu argia egiten duela.

Kultura ekoizpenean eta, batez ere, kultura-hedapenean kapital pribatuak esku hartzeko duen joera ukaezina da; horrek interes publikoen eta pribatuen arteko mugak gero eta zehaztugabeagoak izatea du ondorio. Babesletzako eta mezenasgorako hainbat modutara ohitzen hasiak gara −gero eta gehiago eta gero eta toki gehiagotan ikusten ditugu-eta−, baina ezagutu dugun albisteak jauzi esanguratsua suposatzen du. Dimentsio handiko espazio publiko bat lagatzeaz ari gara, are gehiago, kultura praktika gisa, prozesu gisa eta esperientzietarako espazio gisa bizitzeko toki bat lagatzeaz ari gara.

Ezaugarri horiek dituen espazio batek artearen munduko adituen iritzia eta ahalik eta adostasun handiena izatea funtsezkoa da. Hala ere, orain arte bizkarra eman zaie eta gardentasun falta nabaria izan da; erantzun izan ez diren galdera asko baitaude airean. Esaterako, zein da Azkuna Zentroan ezarri nahi den kultur proiektua? Nola izango da hautatua zuzendari berria? Espero dezakegu lehiaketa publiko bidez egingo dela? Aldaketa horiekin guztiekin gure ehun kultural aberatsa zainduko eta sustatuko dela pentsatzen du Udal gobernuak? Are gehiago, zein da Udal gobernuak daukan kulturaren ikuspegia? Turismoa erakartzeko tresna soil gisa irudikatzen du edo benetako eskubide gisa? Hau ez da erabaki bakan bat, ezarri nahi duten kultur ereduaren adierazle baizik.

Bilatu