Maria  del Rio
Maria del Rio

Zer-nori-nork

Informazio askatasunaren eta ohore eskubidearen arteko eskubide talkaren inguruko azterketan, funtsezkoa da birgizarteratzeko oinarrizko eskubidea mahaigaineratzea.

Aste honetan Whatsappera ustezko erasotzaile baten irudia heldu zait. Ez da lehenengo aldia asmorik onenekin horrelakoak bidaltzen dizkidatela. Hala ere, zer hausnartu ematen dit beti. Lehenengo erreakzioa salatutakoa egia ez bada izan ditzakeen ondorioetan pentsatzea izan ohi da. Baina, harago joanda, eta egia baldin bada? Eta jada kondena-epaia izan bada?

Ohituraz, epaien konfidentzialtasuna gorde da. Horrela, nahiko erraza da epaiak eskuratzea baina ez epaitutako pertsonen datuak ezagutzea. Horiek «anonimo bihurtzen» dira, noren inguruan ari diren ezagutarazi ez dadin. Ulertu izan da zigortuaren ohore eta intimitatea urratu daitekeela. Azkenaldian, ordea, aldaketak egon dira, eta komunikabideetan gero eta sarriago agertzen dira delituak egin dituztenen izenak. Datu pertsonalak ezagutaraztea onargarria dela ulertu da gizartearentzat garrantzi handia duen kasuetan. Aurrekari penalekin antzeko egoera gertatzen ari da. Horiek ezagutzeko erraztasunak ere areagotu dira; esaterako, ezaguna da Sexu-izaerako Delituen Ziurtagiria behar dela adin txikikoekin ohiko harremana izatea dakarten lanbide edo jardueretarako. Edo zure ziurtagiri propioa eskatzeko aukera, helburua justifikatzeko beharrik gabe; beraz, zeharka kontratatzen duenak eskuratzeko aukera irekitzen da.

Oso gai konplexua da eta ez da erraza mugak ezartzea. Hori bai, eskarnio publikoa egiteko  tentazioa ekiditea dirudi egokiena. Gardentasuna aipatzen denean, agintariek kontuak ematearekin lotuta izaten da, boterearen kontrolarekin, baina epaien datuetara bideratuta emaitzak bestelako ondorioak izan ditzake. Egunkari digitaletarako sarbide zabala dugun garaian, «zigor digitala» zigor gehigarria eta iraunkorra dela kontuan hartu behar da. Hortaz, informazio-askatasunaren eta ohore-eskubidearen arteko eskubide talkaren inguruko azterketan, funtsezkoa da birgizarteratzeko oinarrizko eskubidea mahaigaineratzea, gizarte bazterketa leheneratu ez dezagun. Horrexegatik, konponketak bilatze aldera, hobe «zer eta nori»-ri arreta jartzea, «nork»-i baino.

Bilatu