Maria  del Rio
Maria del Rio

Zertaz ari gara?

Pobrezia murrizteko estrategia ekonomikoak eta sozialak ere aldatu eta zabaldu behar dira, helburua jendearen aukerak eta ongizatea zabaltzea izanik

Duela egun batzuk Deustobarometroa aurkeztu zuten; sei hilabetero egiten den inkesta horren helburua Euskal Autonomia Erkidegoaren egoera sozial, ekonomiko eta politikoari buruzko informazioa biltzea da. Oraingoan ere, prezioen igoera, bizitzaren kostua eta inflazioa izan dira kezka nagusiak. Horren ondorioz, inkestatuen erdiak baino gehiagok energia-gastua mugatzen duela onartu du, baita neurri txikiagoan etxeko elikadura-gastua ere. Bestalde, osasun-arretarekiko kezka nabarmen handitu da, eta lehenengo aldiz bigarren arazo nagusi bihurtu da. Era berean, Osakidetzaren balorazioa azken hamarkadako baxuena da. Kezken zerrenda luzea da, baina egoera ekonomikoarekin, zerbitzu publikoen murrizketekin eta lan-baldintzekin jarraitzen du. Emaitzak xehetasunez baloratzen hasi gabe, esango nuke ez direla harrigarriak, jendartean eta komunikabideetan hauteman dezakegunarekin bat datoz eta.

Datu horiek guztiek pobreziaren kontzeptuaz pentsatzera eraman naute, argi eta garbi ekonomikoak diren aldagaiengatik, baina ez horiengatik bakarrik, baita osasunari eta zerbitzu publikoei dagokienez ere. Izan ere, pobrezia definitu eta neurtzea, zalantzarik gabe, gai konplexua da. Gainera, kontzeptua zabalduz joan da azken hamarkadetan, hainbat dimentsio gehituta. Gero eta argiago onartzen da diru-sarrera ez dela ongizate-neurri bakarra, pobrezia oinarrizko premiak asetzeko mugatzat hartzen da eta. Esaterako, bizitza luze eta osasungarria izatea, ezagutza eskuratzea eta adierazpen-askatasuna izatea edo gizartean elkarri eragitea. Nabarmendu behar da gabezia jakin batzuk sortzen direnean, horiek pairatzen dituztenen duintasuna bera jartzen dela arriskuan; ez da, beraz, arin hartzeko moduko gaia. Ikuspuntu zabalago horretatik, pobrezia murrizteko estrategia ekonomikoak eta sozialak ere aldatu eta zabaldu behar dira, helburua jendearen aukerak eta ongizatea zabaltzea baita. Ez dezagun ahaztu zerbitzu publikoen defentsak pobrezia murrizteko eta guztion duintasuna bermatzeko funtsezko zeregina duela.

Bilatu