Garai batean historikoak, iraultzaileak edo, besterik gabe, berritzaileak genituen nobedadeak «disruptiboak» bihurtu bide dira gaur egun. Sorleku duten txoko profesional edo akademikotik kanpo zehazki zer esan nahi duten jakitea zaila den esamoldeek ematen duten malgutasunagatik, beharbada. Eta agian horrelako zerbaitegatik esleitu diote «disruptibo»-tasun hori errusiar hedabideek –eta haietatik eratortzen direnek– joan den astean V. Putinek eta M. Pezexkianek, Errusia eta Irango presidenteek, «datozen 20 urterako gutxienez», sinatu zuten Elkartasun Estrategiko Integraleko Itunari.
Hiztegietan «disrupzio» kontzeptuari esleitzen zaion «bat-bateko haustura edo etendura» esanahitik urruti samar geratzen da, dakigunagatik, sinatu dena. Errusia eta Iranen arteko harremanak aspaldikoak bezain askotarikoak izan dira, eta azkenaldiko ildoari eusten dio oraingoak. Ukaezina da, haatik, 2001etik bi herrialdeek zerabilten Aldebiko Harremanen eta Lankidetzaren Printzipioei buruzko Tratatua baino dezente harago doala, batez ere atal ekonomikoan, orain adostu dutena. Horretan, estrategia integral bat berresten dutela esan liteke.
Begirale gehienek arreta handiagoz aztertu nahi izan duten defentsa-atalak, ordea, argitasun gutxiago eskaintzen du... horrelakoetan ohikoa den moduan, bestalde. Sinatu den guztia ez baita argitara ematen, askotan. Ezagutzera eman denean, bietako edozeinek jasan ditzakeen eraso edo zigorrekin bat egin ezina adostera mugatzen da ituna, elkarri laguntzeko ekinbide «positiboez» ezer esan gabe.
Disruptiboa ez bada argigarria behintzat badela ituna onartu behar dudanez, are argigarriagoa egingo litzaiguke jakingo bagenu nolako lotura eta zerikusia duen horrek duela hiru hilabete eskas Sirian ikusi dugun iraulketarekin. Izan, izango zuelako. Urteak eman dituzte ituna negoziatzen Errusiak eta Iranek, eta inozokeria da pentsatzea Siriako gaia ez dela mahai gainean egon.
Beste batzuekin batera.