Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Arrazoi zuen Bonapartek

Berrehun urte igaro direnean, arrazoia eman beharko zaio Bonaparteri. Aspaldiko ika-mika da haren ahotan apokrifoki –baina duela mende erdi Alain Peyreffitek ederki aprobetxatu zuen eran– ipini ohi dena: «Utz ezazue, beraz, Txina lotan, hura esnatzen denean mundu osoa dardarka jarriko da eta».

Inork ez du inoiz esaldiaren aztarnarik aurkitu Bonaparteren esanetan. Gaur egungo historiografiak –hangoak nahiz hemengoak–, gainera, luze eta zabal ezeztatzen du «Txinaren lozorroaren» hipotesi hori. Ez dezagun ahaztu, bestalde, Napoleon, hein batean, «aditu» bat zela Txinako kontuetan; berak uste baino gutxiago, agian, baina garaiko gehienak baino gehiago.

Ez da ezerezetik sortua burutazioa, hala ere. Benetako pasadizoa 1817an gertatu bide zen Santa Helena uhartean, Bonaparte atxilo zegoenean. Kowtow erreberentzia zela eta ez zela zapuztuta geratu zitzaion Txinarako enbaxada berezitik bueltan zetorren Amherst baroiak geldialdia egin zuen irla galduan, eta parada aprobetxatu bide zuten bidaiari nagusiek preso ospetsuarekin hitz egiteko.

Txinarekiko merkataritza harremanak zituztela hizpide, Bonapartek gaitzetsi egin zuen Amhersten harrokeria zeremonialagatik aukera galdu izana; eta hark erantzun zionean, betiere Royal Navy-aren ontzidiaren «argudioa» geratuko zitzaiela britainiarrei, Napoleonek iragarri omen zion: «Aspaldian egin duzuen gauzarik okerrena izango litzateke Txina bezalako inperio erraldoi batekin gerrara joatea, hainbeste baliabide dituenean. Dudarik gabe, hasieran lortuko zenukete dauzkaten itsasontziak hartu eta haiekiko merkataritza suntsitzea; baina beren indarra erakutsiko zenieke zeuk, eta zuregandik babesteko neurriak hartu beharko lituzkete». Eta gehitu bide zuen: «Alderantziz balitz enbaxada, eta zuenean ohitura balitz zaldunek erregeari ipurdian muin egitea, zer egin behar ote lukete txinatarrek?».

Berragertu da, eta ez hipotesian, ipurdian muin egin beharra, antza. Eta, orduan George III.a bezala, burutik eginda ote daukagu erregea?

Bilatu