Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Neguaren bihotzean

Munduaren bukaeran gaudela aditzen da adituen ahotan, jendarte postsozialean bizi garela, errealitatea ez dela egia, sinbolikoki eraikitako egitatea baizik. Ekoantsietateak, demoantsietateak eta klase guztietako antsiak jota ei gaude, krisiak areagotu baino ez dira egingo; lehen jendarte batean bizi ginen legez, egun norberaren subjektuaren txanda dela diote, hots indibidualismoaren aroa dela nagusi, kontsumitzea behar patologiko bilhurturik hipokondriako zerebralak bilakatu garela, antza paradigma sozialak bereak eman dituela eta jendartearen suntsiketa bizi dugula diote.

Haien aburuz hiru faxismo mota daude indarrean; kolpe militarren bidez ematen den lehoiaren faxismoa; ezkutuan, itun bidez ematen den azeriaren faxismoa eta ohartzerako gure barnean den mikrofaxismoa. Elkarrekin jendartean bizitzea gero eta zailagoa izango dela ere badiote, desberdintasunak areagotzen doazenean, kolapso handiagoen atarikoan bizi garela; modu tolesgabean diote gure arazoa ez dela hil egingo garela, baizik eta ez dakigula nola bizi.

Izan daiteke hori ere, baina badakit halere borroka dela gelditzen den bide bakarra, baina bidea ere garrantzitsua dela, emerjentziazko hitzak behar ditugula, batzuetan estropezuka egiten dugula aurrera, bestetan harriari ostikoa emanez, etorkizuna ez dela itxaroan etortzen den zerbait, egiten dugun hori baizik; badakit gure barnean hozitzen den itxaropenak uzta ekarriko duela, beldurraren eta herraren politikak gure memoria hil nahi duela bizitza duinak ebasteko; badakit isiltasun baten dolua nolakoa izaten ahal den, zauriak azalekoak izaten direla, baina badirela azala ireki ordez begiak irekiarazten dituzten zauriak ere, eta badira lanbro artean galtzen diren ametsak ere; badakit kantu bat garela, hizkuntza garela, muga bakarrak norberak ezartzen dituenak baino ez direla; ez garela herri bateko partaide, herria garela baizik; badakit neguaren bihotzean argitu orduko iluna dela, baina helduko dela udaberria, ametsezko zeruertza. Pettiren txoria ikusi dut kantari. Biharra gero da.

Bilatu