World Press Photo sariak aurten ere eztabaidagai izan dira. Zehazki ‘World Press Photo of the Year’ sari nagusia jaso duen argazkia izan da eztabaida sortu duena. Prentsa-argazkilaritza ikuspuntutik begiratuta, argazki itzela da. Burhan Ozbilici argazkilariak egindako argazkian erailketa bat jasotzen da, hiltzailea bertan ageri delarik. Argazkiagatik baino, argitaratze eta zabalkundeari begira sortu da eztabaida. Saria argazkiari edo hiltzaileari ematen ote zaion, alegia.
28 urtez AP agentziarentzat lanean diharduen Ozbilicik, pasa den urteko abenduaren 19an atera zuen irudia. Ekitaldi publiko baten erdian polizia batek Errusiak Turkian zuen enbaxadorea tirokatu osteko unea ikusten da argazki bertikal honetan.
Lehen planoan ageri da Mevlüt Mert Altintas, enbaxadore errusiarra tirokatu zuen 22 urteko polizia turkiarra: eskuineko eskuan arma indarrez eusten du. Aldi berean, ezkerreko eskua altxata eta hatza gora luzatua du. Ezkerreko hankak aurrera pauso bat eman duela dirudi. Aurpegieran, amorrua adierazten duen keinua du. Atzean, Andréi Kárlov enbaxadorearen gorpua dago, hilik dirudi, lurrean etzanda eta besoak zabalduta. -Hilik zirudien baina argazkia egin zen unean bizirik zen, ospitalean hil zen-.
WPPn urtero saritzen diren argazkien artean ohikoa da bortizkeria edo bere ondorioak erakusten dituztenak izatea. - hau asko kritikatzen bada ere, argazkiok bizi garen munduaren isla dira-, errealitate desberdinak erakusten dituzte. Ez dira gustukuak izango baina errealitate dira.
Hala, ez da ohikoa hilketa bat erakusten duten argazkiek horrelako saria irabaztea. Hilketa bat jasotzen duen argazki batek sari hau 1968an jaso zuen azken aldiz. Eddie Adams en argazki ezagunenetakoa da. Saigonen, Vietnamgo gerraren testuinguruan, Polizia batek Vietcom bati bertatik bertara burura tiro egiten dio irudian.
Hilketa bat erakusten digun argazki honen oihartzunak izan ditzakeen inplikazio eta ondorenak sortu ditu kezka eta eztabaida. Horrela, Stuart Franklin Magnum agentziako lehendakari ohi eta aurtengo WPP sarietako epaimahai buruak The Guardian egunkarian azaldu du zergatik eman zion ezezkoa saritua izan den argazki honi.
Franklinen hitzetan, Argazkiak duen inpaktua onartuta ere, argitaratzearen inguruan zera dio: «erailketa baten argazkia da. Hiltzailea eta hildakoa irudi berean ageri dira eta dekapitazio terrorista baten antzera argitaratzeko irudi problematiko bat da». Bere ustez, «argazki hau idulki batean jartzeak, horrelako espektakuluak ikusten dituztenentzako gonbidapen bat da eta publizitatea eta Martirioaren arteko paktuaren berreste bat» dela uste du.
Nolanahi ere, Franklinek testu berean azpimarratu egiten du irudiaren egokitasunaren gainetik Ozbilicik argazkia egiteko unean jardun zuen modua eta argazkia egiteko izan zuen gaitasuna. Aldi berean WPP rena bezalako epaimahai baten buru izateak ikuspuntu dibergenteen onarpenarekin eta sariketako bozken emaitzak onartzearekin zerikusia duela azpimarratu du.
Izan ere, prentsa argazkilaritzaren ikuspuntutik argazkiak duen balioa ukaezina da. Cartier Bressonek ezagun egin zuen ‘Une erabakigarria’-ren kontzeptua azaltzeko adibide egokia litzateke. Argazkian une dramatiko hori jasota dagoen moduak ikuslearen begirada eusten laguntzen du eta irudian zehar dauden elementuak behatzera gonbidatzen gaitu. Argazkia bertikala izanik, argazkiaren objektu nagusi den pertsonak irudian duen posiziori indarra ematen dio. Unean biziko zen larritasuna nahiko modu egiantzekoan azaltzen du. Kontutan hartu behar da bertan zeudenek lehen une horietan gertatzen ari zenaz jabetzeko izango zituzten zailtasunak eta erreakziorako izango zuten denbora exkaxa. Baldintza horietan irudiak biltzen duena horrela biltzeak meritua du.
-Ozcibilik bere burua izkutuan babestu ostean atera zituen argazkiak-
Gaiari dagokionez, argazkia jasotzen duen albisteak duen interes informatiboa garbia da. Lotura zuzena du 2016ean nazioarteko urteko gai izan diren Siriako gatazkarekin, Turkia nazio artean jokatzen dabilen paperarekin eta urtean zehar munduko leku desberdinetan izan diren ekintza jihadistekin.
Hasiera batean, sariak berak baino argitaratze uneak eman zion zabalpena irudiari. Argazki egokia delako. Gogoan izan, egun berean Berlinen kamio batekin gabonetako azoka batean aurkako ekintza bat izan zela. Berlinen lehen kontaketan 9 hildako izan ziren eta hamarnaka zauritu. Hala, hurrengo eguneko egunkarien azaletan, orokorrean gehien aukeratu ziren argazkiak Turkiako ekintzakoak izan ziren, ez Berlinekoak. Hildako gehiago zeuden Berlinen. Bakarra Turkian. Bistan da politikoki bere garrantzia duela enbaxadore bat erailtzeak. Baina Berlinen 9 zibil hiltzeak ere bai. Zaila da beraz argazkia aukeratu zuten erredaktoreek erabili zituzten irizpideak zein diren jakitea. Agian, Berlineko gertakariaren ordu berantiarrak zerikusia izan zuen aukeraketa orokortu horretan baina nago batez ere bi gaiei buruzko argazkien artean, hau zela argazki ikusgarri eta desberdinena. Horrek pisua izan zuela editoreen erabakian. Orain kontzienteki edo inkontzienteki izan zen jakitea zailagoa da.
Horrelako gertakari baten ostean agentziek bidaltzen dituzten argazkietan ikusten diren kaos irudiei guztiz kontrajarritako irudia da. Desberdina eta garbia da argazkia. Aurreko hilabeteetan munduan zehar jasotako gatazka irudien artean, ekintzaile armatu bat ekintza egin ostean bizirik ageri den argazki banaketakoa izango da.
Hemengo hedabideek bi albisteak zituzten azalean. Sarean gertatu ahala aldatu ziren azalak. Turkiakoa aurrena Berlinekoa ondoren. Baina Paperezkoen kasuan biak zihoazen. -GARAk baina, gure herriari kanpotik markatu nahi zaion agendak baldintzaturik, egun horietan albiste zen ETAren armagabetzearekin loturik, Luhusoko atxilotuetako bat Biarritzetik Parisera hegazkinez eramatera zihoazen unea erakusten zigun azaleko irudi nagusi gisa-.Polizia turkiarra azalean, goragoko mailako albistean ageri zen, siluetatua, bakarrik.
Eztabaida pizturik, bateko eta besteko Joera editorial desberdinetako hedabideentzat lan egiten duten argazkilariak bat datoz saritu duten argazkiak interes informatibo orokorra duela esatean. Norberaren joera edo ikuspuntuen gainetik orokortua da gertakari baten gaineko kobertura den heinean argazkiari zabalkundea modu egokian egin zitzaiola esatean.
Argazkiak eta sariak berak baino, sariketak emandako bigarren zabalkunde horrek sortu dio kezka zenbaiti. Franklinek aipatzen duen moduan, argazki saritua izanik idulkian jartzeak berak. Horrelako irudi bat saritzeak, nolabait ez ote duen hiltzailea bera saritzen. Eta ideia horren zabalpen edo transmisioak zenbait hartzaileren gainean izan ditzakeen erreakzioak kezkatzen ditu zenbait. Franklinek aipaturiko publizitatea eta martirioaren arteko erlazio horrek, alegia. Alepoko sarraskiengatik mendekua eskatu eta «Ala handia da» oihukatu ostean bertan zeuden poliziek tiroz hil zuten morroiak hil aurretik utzitako azken irudiak ez ote duen norbaiti horrelako ekintza bat egingarria dela ikusaraziko eta ondorioz errepikatzen saiatu.
Korporatibo jarrita, argazki batek mila hitzek baino gehiago esan dezakeela argudia genezake. Egoera baten aldaketa sustatzen lagundu dezakeela edo aldaketa hori historiarako irudi bakar batean laburbilduz jasota uzteko gaitasuna duela eta abar Argazki on baten gaitasun itzela dituela alegia. Bai, ilea luzatzeko pozio miragarri baten modura edo. Are gizakiok gure jardueretan maiz imitazioz mugitzen garela jakinik. Baina errealistak izanda gehiegizkoa dirudi erruaren karga guztia argazkiari leporatzea. Argazkiak bere horretan ez du horrelako ardurarik.
Izan ere, argazki on batek jendearen jokaera onerako edo txarrerako aldatzen zeresana izan dezakeenik ez dugu ukatuko. Dena dela argazki hori hartzaileari iritsi eta beregan sor dezakeen eragina baloratzeko unean kontuan hartu beharko da hartzaile horren egoera zein den, bizi duen testuinguru soziala, ekonomikoa, politikoa, erlijiosoa, kulturala... zer bizi baldintza dituen. Galtzeko zerbait duen edo ez.
Lehen kolpean zenbaiten kezka hori ulergarri izan daiteke baina uste dut batez ere bizi dugun testuinguruak baldintzaturik agertzen den kezka dela. Askok asmo honekin planteatzen duen kezka. Ziurrenik Franklinek bere bozka azaldu duenean bezala. Tamalez, gizartearen beste arlo eta jarduera gehienetan bezala, bada hemen nolabaiteko ikuspuntu sekurokrata bat, guztiok gero eta barneratuago duguna eta askotan gure iritziei gailentzea lortzen duena. Ikuspuntu honek, politikariak mozal legearen moduko lege murriztaileak egin eta bi aldiz pentsatu gabe onartzera bideratzen ditu. Argazkilariak berriz, erabaki dezake argazki bat badaezpada ez argitaratzea edo are okerrago argazkia bera ez egitera eraman dezake. Bistan da, logika guzti hori prentsa askatasunaren, argazkilaritzaren eta hedabideek orohar duten funtzio sozialaren kontra doala. Gauza bat auto kontrola da, -argitaratzen dugunaren gainean ezinbestean izan beharreko ardura- eta bestea gure burua zentsuratzea. Inork guri agindu gabe gainera, norberak modu lauso eta ikusezinean zer argitaratu edo ez erabakitzera eramaten gaitzake logika honek. Zentsura perfektu moduko bat.
Gaiari bueltaka, Collin Pantall argazki dokumental eta unibertsitate irakasleak eztabaidari bere ekarpena egin dio: Prentsa argazkilaritzatik harago doan prespektiba zabalago batetik, egunkari erosle, hedabide kontsumitzaile zein arloko aditu moduan utzi du gaiari buruzko iritzia.
Bere gogoetak azaltzeko bi argazki-ikono alderatu ditu: Marlboro markak duela hamarkada batzuk ezagun egin zuen Cowboy erretzailea eta egun tabako kaxetan zenbait gaixotasunen ondorioak erakusten dituzten argazki gordinak.
...eta ondokoak galdetzen ditu: «Ze irudi mota dira? Zeinek, zertarako atera zituen Marlbororen argazkiak? Zenbat hildako sortu zituzten irudiok? Eta zeinek atera ditu mundua zehar zenbatu ezinak diren tabako kontsumoaren aurkako argazkiok?» Kualitatiboki determinatu dute milioika pertsonek utzi dutela erretzea argazki hauek ikusi ostean. Horrela argumentatu daiteke mila pertsonen biziak salbatu direla.
Era berean, bere herrialdeko iruditeri kolektiboaren gaineko aipamen bat egiten du: Erresuma batuan heriotza beti ezkutuan dago. Ez ditugu gorpuak erakusten, ezta hiltzaileak ere. Eta mendebaldeko zenbait gobernuk sostengaturiko gerra metodo berrien ikusezintasuna ere aipatzen du, «zein dira drone horiek eraikitzen dituztenak?, botoi horiek zapaltzen dituztenak?».
Hemen, euskal hedabideetan, heriotza -edozein motatakoa dela ere- gero eta gutxiago ageri delakoan nago. Pentsa, jaiotzearekin batera bizidun baten bizitzan segurua den bigarren une erabakigarria da, beti. Jaio eta hil. Eta eskeletan ez bada, ezkutatu egiten dugu.
Gure inguruan milaka pertsonek egiten dute bere buruaz beste urtero. Gurean ere bai. Baina egoera hauek ez dira ikusten, ez dira agerikoak.Ez ditugu jasotzen hedabideetan. Norbaitek argudia dezake gatazka politikoaren baitan jasota heriotzen gaineko tratamendu grafiko eta informatiboa gatazka berarekin eta gizartearekin aldatzen joan dela. Horren ondorio dela egun heriotzak hedabideetan leku gutxi izatea. Baina uste dut zerikusi gehiago duela aurretik aipaturiko «badaezpada» horrekin, norbaiti gauza bera egitea okurritu eta irudiak errua izateko aukeraren gainean egon daitekeen beldurrarekin. Gatazkaren aldagaiari garrantzia kendu gabe, kontu honetan ez gara gure inguruko herrialdeen oso desberdinak. Badugu lana heriotza normalizatzen.
WPPren helburuen artean daude foto-kazetaritza sustatu, ezagutza zabaldu, goi mailako estandar profesionalak ezarri eta informazioaren elkar trukea inolako mugarik gabe egin dadila laguntzea. Pozgarria da beraz, WPPn aurreko urteetako sariketen inguruan manipulazio, edizio gehiegikeria eta abarren inguruan izan ika miken ondoren, aurtengoan eztabaida termino hauetara ekarri izana. Prentsa argazkilaritzari loturiko oinarrizko kezken inguruan eztabaidatzera eta jardunean egiten dugunaren inguruko hausnarketa egitera behartzen baikaituzte horrelakoek.
Hala ere, urteko argazkitik harago, beste arlotan saritutako lanek ere merezi dute arreta. Hauek beste sarrera batean landuko ditugu.