Gorka Rubio naizplus bloga

Errepikaezina dirudien arren zorionez bi urtero berritzen da.

Korrikaren jarraipena egitea lan ederra da. Esperientzia bat. Bi astez etenik gabe euskal geografia fisiko, sozipolitiko eta kulturala zeharkatzen duen ekimena. Gure kamera aurrean jartzen dizkigun parajeak, banaka edo taldeka ekimenera biltzen diren herritarrak, sortzen diren egoerak... hori dena ikusi eta irudietan jasotzea itzela da. Aldi bakoitzean errepikaezina iruditzen zaigun gertakaria sortzen da. Zorionez, bere ñabardura eta berezitasunekin, bi urtero berritzen da. Euskara irakasten eta ikasten dabiltzanei elkartasun emozional eta ekonomikoa adierazteaz gain, herri bezala gure buruari egiten diogun opari ederra da Korrika. Aurrera egiteko gogoz dagoen Herri biziaren adierazgarri. Hori usaintzen da jasotako irudietan. 

Korrika Legutio ingurutik pasatzen. Jaizki FONTANEDA / ARGAZKI PRESSKorrika Legutio ingurutik pasatzen. (Jaizki FONTANEDA / ARGAZKI PRESS)

 

20 edizio igaro direnean lasterketaren berri emateko modua asko aldatu da. Aldatu ez dena antolatzaileek ekimenaz informatzeko emaniko erraztasunak dira. Izan ere, AEK-k garbi zuen orduan ekimen berri hura askorentzat lasterketa “xelebre” eta “zoro” bat zela eta, beste ekimen asko bezala, denboran zehar errotzen joan bada ere, hasieran ez zela “saltzeko” kontu erraza. Bistan da, egun eragile askok eta askok beraien ekimen eta jardunen berri bere kabuz eman eta informazioa hedabideen esku jartzeko azpiegiturak dituztela. Antzera egin behar izan zuen AEKk duela ia lau hamarkada. Orain, online mundu honetan, erraza dirudi norberaren ekimenen berri ematea. Kasu askotan ondo egitea lortzen ote den, beste kontu bat da. Ordukoa offline aroa zen. Norberaren berri hedabideetara zabaldu eta hori ondo egitea orain baina neketsuagoa zen garaia zen. Offline aroa ezagutu duen baten egungo ikuspuntutik, izugarrizko esfortzua eskatzen zuen. Online hazi eta hezi direnek kostata ulertuko duten lan boluntario itzela suposatzen zuen.  

Antolakuntzak hiriburuetatik pasatzean Korrikara biltzen den jendetza eta lekuko esanguratsuen irudiak hartzeko erraztasuna eman izan dizkie hedabideei beti. Hasiera hartan erronka handiena zera zen: ekimenaren argazkiak prentsa idatziaren esku jartzea. Alde batetik hiriburuetako fokuetatik kanpo, ekimenaren izaera mugikorragatik jarraipena egitea zail egiten zitzaienei eta beraien ildo editorialak markatutako kontrakotasunagatik ekimenari ikusgarritasuna kentzen ziotenei, bestetik, ibilbide guztiko irudiak eta informazioa eskuan jartzea lortzen zuten. 

Egunero bidaltzen ziren eguneko argazkiak garaiko Egin, Egunkaria, Navarra hoy, Diario Vasco, Deia eta abarretako erredakziotara. Hori egunero egiteak lan erraza dirudien arren, erokeria hutsa zen. Lasterketa bera bezala, herri honetan egiten diren erokeria horietako bat. Horretarako, argazkilariez gain, karreteak furgonetatik hartu, errebelatzera eraman, kopiak egin eta hauek erredakziotan entregatzea zituen gidari talde bat zegoen: "Pilotu suizidak" deitzen zieten. 

Ondoren, 8. korrikan, erokeri horri neurria hartu asmoz edo, laborategi eramangarri batekin hasi ziren lanean. Karreteak eraman ordez, furgonetan bertan edo errepide ondoko ostatu bateko komunean bezelako txoko ilunen batean errebela zitezkeen. Garai bateko kontuak. Berehalakotasuna hurrengo eguneko egunkarietako azalek edo irratiko boletin informatiboak markatzen zuen. Euskal geografia txiki baina aldrebesean kotxez leku batetik bestera joateko orain baino minutu dezente gehiago eskatzen zituenekoa.

Egun gauzak bestelakoak dira. Jada ez dago pilotu suizidarik. Ekimenarekin elkarlanean, Hamaika TBko kamara bat joaten da zuzeneko irudiak trasmititzen, eta antolakuntzako kide batek erreleboei ateratzen dizkien argazkiak ia-ia istantean korrikaren webgunera igotzen ditu. Hala ere, batzuentzat ez da nahikoa korrikako bere parte hartzea amaitu eta ia bat-batean bere argazkia sarean ikustea. Antza, beste ekimen askotan bezala,berehalakotasun gehiago nahi du zenbaitek. Lekukoa hartzen duenari laguntzen dion zenbaitek, unea bizi ordez, nahiago dute argazkiak mugikorrarekin ateratzen ibili. Finean, bizi izan ez duten unea bizi izan dutela besteen aurrean frogatzeko balio dien argazkiak.

 

Eskukiko morroia bezala, ehundaka izan dira unea bizi eta gozatu ordez mugikorra eskuan korrika ibili direnak. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)

 

Izan ere, onerako eta txarrerako, euskal herria eta euskal herritarrak Korrikaren edizio batetik beste aldatzen joan gara. Batzuetan, furgonetatik selfie egileei begira, aldaketa txarrerako izan dela iruditzen bazaigu ere, nago denboran aurrera joatea orokorrean ona izan dela. Hori pentsatu nahi dut.

Garbi dago, egun errepide egokiagok ditugu, jendea korrika egitera prestatuagoa ateratzen da eta, batez ere, ekimenaren antolaketa asko hobetu da. Aldatu dena egoera sozial eta politikoa da. Urteetako lan eta aldaketei esker aurtengoa inoiz baino gehiago izan da denon Korrika. Hori geratu da jasota argazki eta irudietan. Horren adierazgarri izan dira:

2. kilometroa hiriburu desberdinetako alkate eta ordezkarien lekuko adostua, edo Korrikak sustatuta Irun eta Hendaiako mugan eragile sozial eta kulturaletako euskararen aldeko militanteek eta erakundeetan Euskararen inguruko ardura dutenek eskutik emandako kilometroa.

 

Aurtengo KORRIKAren 2.go kilometroan hiriburuetako udal ordezkariak izan ziren eramaile. Irudian Jean Grenet Baionako Alkatea. (Monika DEL VALLE / ARGAZKI PRESS)

Irun eta Hendaia arteko zubian, euskararen alde lanea dabiltzan eragile sozial eta instituzietako arduradunak eskutik helduta. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

Hala ere, adostutako irudi hauei baliorik kendu gabe, ikusgarriak izan dira ibilbidean zehar jendeak eman duen erantzuna. Bereziki Nafarroan. Bi aukeratu ditut. Garesko zubia jendez beteta eta, amaiera ekitaldian, Sarasate pasealekua lehertu beharrean ageri dena. 

 

Korrika Garesko zubitik pasa zen unea. (Iñigo Uriz / ARGAZKI PRESS)

Korrikaren amaiera ekitaldiak jendetza ikusgarria bildu zuen Sarasate pasealekuan (Idoia Zabaleta / ARGAZKI PRESS)

 

Eta nola ez, lasterketan Euskal Herriko txoko ezagun eta ez hain ezagunetatik igarotzean utzi dizkigunak. Hemen batzuk.

KORRIKA Erratzu ingurutik pasa zen unea. (Idoia Zabaleta / ARGAZKI PRESS)

KORRIKA Berriatu ingurutik pasa zen unea. (Aritz LOIOLA / ARGAZKI PRESS)

KORRIKA Agurain ingurutik pasa zen unea. (Jaizki FONTANEDA / ARGAZKI PRESS)

Korrikako irudi klasikoetako bat, lekukoena da. Lehen golpean oso errepikakorrak diren irudiak dira. Orain heldu bat, orain haur bat, ondoren amona bat, gero kirolari bat... Argazki horien atzean beti dago ekimen hau berezi eta baliotsu egiten duten istorio pertsonal eta aldaezinen bat. Lehen bistan argazkiak deskribatzen ez duen, baina hitzek azaltzen duten istorioren bat. 

Karmelo Garaizabal. unibertsitate irakasle erretiratua. Euskaltegiko kideekin batera lekukoa eraman zuen Zestoan. (Gorka Rubio / ARGAZKI PRESS)

Kasu, Zestoan, euskaltegiko kideekin lekukoa eraman zuen Karmelo Garaizabal Irakasle erretiratuarena bezala. Urte mordoan Venezuelan unibertsitate irakasle izan ondoren, erretiroa hartu eta herrira itzulita euskaltegian izena eman eta bere euskara berreskuratu eta hobetzen dabilen gizona.

Joseba Vivanco EHBko zinegotzia eta Joseba Elejalde PPko zinegotziak batera eraman zuten lekukoa Artziniegan.(@aiaraldea)

Edo Artziniegan lekukoa hartu zuten bi Josebaren istorioa. Bata Joseba Vivanco, EH bilduko zinegotzi eta Garako kazetaria, eta bestea, Joseba Elejalde, PP-ko zinegotzia. Biak korrika elkarrekin. (Horrela jaso @araialdea hedabideak argazkia eta kontestua ZuZeu atariko Maragaritxon erabiltzaileak kontatu.)

Hau bezalako egoera bitxiak gero eta arruntagoak izango dira, eta erakusten dute lasterketak duen babesa izugarri hazi eta normalizatu dela. Kontrakotasuna desagertu edo, gutxienez, asko lausotu dela. Izan ere, egun, euskalgintzaren inguruan iritzi oso desberdinak dituzten sektore askok baloratu dute lasterketan egotea, ez egotea baino egokiagoa dela. 

Hedabideen arloa ere horren isla da. Hedabide eta sektore asko kontrakotasunetik neutraltasun batera pasa dira, edo beste hainbat ekimen soziali bezalako jarraipen propioa egitera pasa dira. Gutxienek, egunero antolatzaileek bidalitako oharren bat argitaratzen dute. 

Ekimenak duen babes sozial zabal horren eta duen interes informatiboaren isla dira ekimena historikoki bultzatu duten hedabideek (beste zenbaitek) ekimenari egiten dioten jarraipena eta orohar azaltzen duten konpromisoa. 

Gaur da eguna non zenbait gizarte ekimeneko hedabidek zein garai batean ia-ia boikot jarrerak izan zituzten hedabide publikoek elkarlanean ematen duten ekimenaren berri. Hasiera eta amaierako irrati eta telebista saioak elkarrekin produzitu, aurkeztu eta bakoitzak bere hedabideetatik zabaltzen dituztenak. Sinbolikoki bada ere, Korrikari aitortza egiten diotenak. 

 Ildo honetan zoragarriak izan da Otxandioko hasieraren berri emateko hedabide desberdinetako kazetari zenbaitek 5 euskalki desberdinetan osatu zuten irrati saioa entzutea, kotxean lanera nindoala. Baita hamaikaTB eta ETBk elkarlanean Iruñeako amaierako ekitaldiaren berri emateko osatu zuten zuzeneko saioa. 

Era berean, pozgarria da oso erdal hiztunei Korrika gerturatzeko Radio euskadi bezalako gaztelaniazko emisora publiko batek egunero-egunero furgonetarekin eginiko konexiok entzutea. Erdal hiztunei lasterketaren berri emateak ere baduelako bere balioa. Balio handia. Irrati publiko batek gizarte kohesionatu baten alde egin behar duen lanaren baitan bere betebeharra egoki betetzeko modu ederra iruditzen zait. 

Aldatu dira beraz garaiak. Tamalez, oraindik ere badira zenbait mesfidantza, ezinikusi eta erresistentzia. Eta ez naiz alderdi unionistetako kideren batek ekimenaz egin izan dituen deklarazioetaz. Horiek ere gertatzen dira, baina ezezagutza absolutu batetik harturiko jarrera baten edo intentzio txarrenarekin modu konzientean harturiko jarrerak dira. Agian, egunen batean, ulertuko dute Korrika zer den. 

Egun, mesfidantza eta kontrakotasunak beste aktore eta norabide batzutan ematen dira. Tamalez, nire ustez gaizki ulertutako euskalgintza batetik datozen eta erdaraz soilik, edo erdaraz ere, aritzen diren hedabide publiko zein ekimen sozialeko zenbait dira jo puntu. 

Izan ere, aurten, inoiz baino gehiago denon Korrika izan den hau pasa berri denean ere, zenbaitek jarraitzen dute pentsatzen, defendatzen, hedabideetan euskararen aldeko lana euskaraz soilik eta euskaldunentzat egin daitekeela. Ezin litekeela beste era batera izan. Gure erdaratako batean ( gazteleraz ) behintzat ez. Eta batik bat Gaztelera eta Euskara uztartzen dituzten hedabideetan, ezta ere. Intentzio onenarekin sentituko baitu zenbaitek horrela. Baina badakigu intentzio onenarekin soilik aritzeak nora eraman gaitzakeen. Inora ez, edo batzutan, askotan, lortu nahi dugunaren kontrakoa egitera ere bai. Bestela, zenbaiten kasuan, asmo txarrez edo konpleju zenbaitetatik eginiko hautua dela pentsa daiteke. Eta hori ere ez da izaten gauzak ondo egiteko motibazio egokia. Baina nago ez duela merezi horrelako lojika ulertzen saiatzen jarraitzeak. Nago duela ia 40 urte korrika kontrakotasunetik bizi zuten haietako asko bezala, euskalgintza ulertzeko moduari dakokionean denborak bere lekuan utziko dituela hauek ere. Zorionez. 

PS1.Urola Kosta osoan zehar Korrikari 7 orduko jarraipena egiteko zortea izan nuen Usurbilgo Agiña auzotik hasi eta Elgoibarren amaitu arteko bidea egin nuen. Nire eskualdeko jendeak utzitako irudiak ikusi eta hauek argazki eta bideotan jasotzeko modua izan nuen. 

Gurean ilunpetan igaro zen Korrikak gaueko ordu txikitan errepideratzen den jendearen elkartasunak izaten duen goxotasun berezia atzemateko aukera izan nuen.

PS2. Gustora nago, aurtengoan ez naizelako duela hiru Korrika bezala furgonetatik erori. Nire lanean orain arte behin bakarrik erori naiz lurrera. Korrika batean, lagun eta ezagun askoren aurrean. Hori bai, nik lurrean amaitu banuen ere, kamerak airean geratu ziren. Eta aurten, nire erorikoarekin makina parre egin zuenetako batek leku berean kristorena hartu du alabaren patinetearekin. Badakizue, justizia dibinoa.