Gorka Rubio naizplus bloga

Infernutik izar arteko erretirora

Nick-ut_vietnam
Nick Ut Vietnamgo gerran berriemaile lanetan

"Infernutik Hollywoodera", horrela deskribatzen du Nick Ut argazkilariak bere bizi ibilbidea. 1951an Long An (Vietnam)en jaio zen argazkilariaren lan ezagunena "Napalmaren neska" argazkia izan da.



1972ko uztailaren 2an atera zuen argazkia. Irudian ikusten dena Trang Bang herrixkan Napalm bonba bat lehertu osteko unea da. Kim Phuc neska ageri da korrika, negar batean. Napalm bonbardaketan su hartu zion arropa guztiari tiraka egin ostean biluzik ihesi ageri da, bere herriko haur gehiago inguruan dituela. Ut-ek azaldu zuenez argazkia egin eta neska ospitalera eraman zuen. Ondoren, kamerako karreteak AP agentziara bidali zituen.

Agentziak argazkia argitaratzeko unean zalantzak izan zituen. Izan ere, garai hartako AP-ren irizpide editorialek debekatu egiten zuten figura biluzi frontalak agertzen ziren irudiak banatzea. Azkenean, salbuespen gisa argitaratu egin zuten eta Vietnamek 1955 eta 1975a bitarte jasan zuen gatazkaren eta bereziki gizarte zibilak jasandako bortizkeriaren sinbolo bihurtu zen argazkia.


Ut ek 21 Urte besterik ez zituen orduan. Goiz egin zuen beraz bere ibilbidetik gehien gogoratzen den argazkia. Izan ere argazkilari lanetan goiz hasi zen, 16 urterekin. Justu AP-rentzat lanean zebilen bere anaia nagusia erail zutenean eta gatazka amaitu arte jarraitu zuen argazkien bidez bere herrialdeak jasan zuen gatazkaren berri ematen.

 

Ut 2010ean bere zenbait ikaslez inguratuta


Gatazka amaituta herrialdetik alde egin eta Kalifornian errefuxiatuentzako eremu batean izan zen tarte batez. Ondoren Tokion AP-rentzat lan egin zuen.1977an AEBetara bueltan, Los Angelesen bizi da egun. Orain 66 urte beteko ditu eta hamarkadetan zehar zinema izarren inguruko argazkiak egin ostean erretiroa hartuko du. Aipatu duenez aitona lanak egin nahi ditu eta noski argazkiak egiten jarraituko duela dio.