Txoli Mateos
Txoli Mateos
Soziologoa

Arnas dezagun

D eredua nagusitu da EAEn, eta alde handiz. Horixe bilatzen genuen. Orain hobetzea dagokigu. Izan ere, ikasle guztiak –berriro diot, guztiak– hartzeak arazoak dakartza, ezinbestean

Pornografia euskaraz ikusteko aukera egon arte, euskara ez da izango hizkuntza normalizatua». Horixe entzun nion ikaskide bati orain dela… berrogei bat urte. Ez dakit pornografiarekin zer gertatu den, baina urte kopuru bera behar izan da EAEko ikasle gehienak euskarazko lerroetan matrikulatuta egon daitezen. Ez du merezi aletzen hastea horren atzean egon den lan eskerga, baina nik neuk prozesuaren irakurketa baikorra egiten dut. D eredua nagusitu da EAEn, eta alde handiz. Horixe bilatzen genuen. Orain hobetzea dagokigu. Izan ere, ikasle guztiak –berriro diot, guztiak– hartzeak arazoak dakartza, ezinbestean. Horren froga da eremu erdaldunetako guraso euskaldun batzuek bultzatutako “Arnas dezagun” izeneko plataforma. Eskatzen dute eskolak ez ditzala barreiatu ume euskaldunak D ereduko gela desberdinetan, ondorioa ikasle horiek gaztelaniaz egitea baino ez baita, etxetik daramaten euskara galduta. Doakiela nire miresmena seme-alabak euskaldun iraunarazteko ahalegina egiten duten horiei. Baina zalantza ugari eragiten dizkit ekimen horrek. Hona batzuk:

–Euskaraz ederto eta ozta-ozta egiten duten ikasleak bereiziko dira? Ez al dago ikasleak “selekzionatzeko” arriskurik, orain urte batzuk DBHko ingeles maila ona zutenekin egiten zen bezala? Bide eraginkorra da proposatutakoa erdaldun umeak eta haien gurasoak euskararen mundura erakartzeko? Aniztasuna eta inklusibitatea aipatzen dira, eta proposatzen da ume euskaldunen hizkuntza babesteko, gaztelania ama hizkuntza ez dutenekin batera jartzea. Zerk du hemen lehentasuna? Ez al du ekimen honek areagotuko eskola publikoak duen segregazio arazoa, baina orain eskola barruan?

Euskararen izenean eta asmo onarekin bada ere, ikasleak horrela bereiztea ez zait iruditzen irtenbiderik egokiena. Nire herriko eskolan, ikasle guztiek eskuratzen dute maila txukuna euskaraz. Hala ere, familia euskaldunetako gazte asko gaztelania hutsean aritzen dira kalean. Irakatsi ote diete etxean euskara maitatzen? Eskola saiatzen da; etengabe saiatu ere. Etxetik euskaldun direnekin eta ez direnekin. Edonork eman lezake horren fede.

Bilatu