Ez dakit Nietzschek bere «supergizakia» aurkeztu zuenean buruan zehatz zerbait ba ote zuen. Egia esan, inoiz ez nuen jakin bere burua gainditzen duen pertsona indartsua edo boterea eskuratzeko moralaz baliatzen den gizaki ahula defendatzen zuen. Fakultatean, irakasle bakoitzak bertsio desberdin bat eskaintzen zuen. Autorea beti berbera izanagatik, berau azaldu nahi duen irakasleak edukia nahi moduan moldatzen baitu, beti originala izan eta ikaslearen erretinan geratuko den esperantzaz. Halakoetan emaitza, buruan kaka pila baino ez duen ni bezalako eskolier galdua izaten da.
Ez dakit Nietzschek, Neanderthal gizakia edo hura desagerrarazi zuen Homo sapiensa aukeratuko lukeen. Indarra nagusi den naturaren seme azkarra edo bortxazko ingurune batean bizirauteko garun garatu batek eskain ditzakeen abantailez baliatzen den gihar ahuleko jendea nahiago zukeen.
Nietzscherena ez dut batere garbi, baina nik gero eta gehiago miresten ditut bere izateari izaten uzten dieten pertsonak. Haien berezko izaerari muga moral eta fisikoak jartzen ez dizkietenak. Behar ote lukeena zer den pentsatzen geratzen ez diren naturaren seme-alabak.
Horien artean, nire kuttunetako bat Jose Mari Olasagasti aizkolaria da. Idiekin Igeldoko zidorretan barrena gerturatzen da Agitiko itsasbazterrera, eta bero egin edo elurra ari, arropak erantzi eta haitz artean itsasoratzen da, larru gorri.
Lehen jaunartzea Jose Marirekin egin zuen Maria Jesus nire amaren ahotik entzun nuen lehen aldiz Igeldoko labarretan hondartza bat bazela eta bere izena Agiti zela. Gogoan dut lagun batzuei olatu ezkutu bat topatzeko aukera bagenuela esan niela. Gerturatu ginen, baina ez genuen deus aurkitu.
Lehen aldiz Agiti izena aditzera eman zuen morroia Pablo Azkue izan zen. Nik jada esana nion Igeldo inguruan urautsi posible bat bazela. 80ko hamarkada amaiera aldera, «Surfer Rule» aldizkarian egin zioten elkarrizketa batean surf egiteko gehien maite zuen lekua zein zen galdetu zioten, eta honek, txantxetan, «Agiti» erantzun zuen.
Orain badakigu Agitin olatuak izaten direla, baina urautsi salbaia da, haitz zorrotz eta korronte indartsuz inguratua. Oso gutxitan izan dira han surflariak, gehienetan motoz lagunduta eta muturreko baldintzetan, olatuak oso-oso handiak direnean.
Pasa den urtarrilaren 28an, Axi, TxisTxas eta Koala zarauztarrak Agitin izan ziren olatu erraldoiak hartzen. Jakin nahi nuke egun hartan, hiru surflari ausartak uretan ziren artean, koloniaz igurtzitako bere bi idiak hondartzan utzi eta ohiko bainua hartzera sartu ote zen Olasagasti. Ez dakit Nietzschek «super-gizakia» deskribatzerako orduan ezagun zuen norbait parean izan ote zuen, baina egun bizirik balego Agitiko hondartzara gonbidatuko nuke pentsalaria, gurean, naturarekin kontraesanik ez duen jendea oraindik badela frogatzeko.